Ertzaintza

Ertzaintzaren esku hartzeetan hildakoen kasuak aztertzeko batzordea abiatuko du Erkorekak

Legegintzaldirako asmoen berri eman du Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak: Ertzaintzaren giza baliabideetan etor daitezkeen hutsuneei aurre egiteko, lau hautaketa prozesu egingo dituzte.

Ertzain batzuk, iazko urrian, Voxen aurkako protesta baten aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 21a
16:52
Entzun

Eusko Legebiltzarrean agerraldia izan du gaur goizean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, agintaldirako asmoen berri emateko. Segurtasun ereduaren oinarrian «gardentasuna eta hurbiltasuna» jartzeko konpromisoa hartu du, eta, ildo horretan, iragarri du Ertzaintzaren kontrol eta gardentasun batzordea eratuko duela: «Organo berria izango da, independentea, bere kabuz edo inoren eskariz aztertuko dituena eskubideen urraketekin lotutako jarrerak eta praktikak, Poliziaren esku hartzeetan edo operatiboetan pertsonaren bat hiltzen edo larri zauritzen bada». EAEko Poliziaren Legearen bidez onartu zuten batzorde hori sortzea, eta sailburuak martxan jartzeko konpromisoa hartu du; hala ere, Erkorekak zehaztu duenez, talde horrek ez lituzke iraganeko auziak ikertuko.

Delinkuentzia tasa jaisteko asmoa ere agertu du sailburuak, nahiz eta inguruko erkidego eta herrietakoa baino txikiagoa den: mila biztanleko 53,3 delitu daude. «Euskadi herri segurua da», esan du. Hala ere, bereziki kezkagarritzat jo ditu hiru gai: ziberdelinkuentzia, jokoarekiko adikzioa eta emakumeen aurkako indarkeria. 

Azken horrekin lotuta, Erkorekak jakinarazi du EBA (Emakumeen eta Etxekoen Babesa) izeneko programa bat abiatuko duela: genero indarkeriako txosten guztiak —Ertzaintzarenak ala udaltzainenak izan— sistema digital berean txertatuko dituzte, eta, hala, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen eta haien seme-alaben arriskua ebaluatzeko irizpideak bateratuko dituzte, babes neurriak ere horien arabera ezartzeko. Izan ere, indarkeria matxistaren dimentsioarekin kezkatuta agertu da sailburua: «Ertzaintzaren patruila guztiek eguneroko lanaren %15 eskaintzen diote tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen babesari». Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 3.377 emakumek daukate babes aginduren bat, 353k dute Bortxa aplikazioa telefonoan, 62k dute bizkartzaina, eta 53 erasotzailek daukate lokalizaziorako eskumuturrekoa.

Ertzaintzaren giza baliabideei ere erreparatu die Erkorekak: «Egiturazko lantaldea 8.000 agentekoa da, eta egun 7.502 daude lanean; beraz, 498 profesionaleko defizita dugu, eta legegintzaldi amaierarako 1.584 agente erretiratuko dira». Hutsune hori betetzeko, lau hautaketa prozesu abiatuko dituzte agintaldian zehar, urtean bat; 2020 amaitu baino lehen argitaratuko da lehena, eta 700 lanpostu izango ditu. Emakumeek eta euskal hiztunek izena ematea sustatuko dute.

Bozkatzeko araudia aztertu

Era berean, Erkorekak gogora ekarri du pandemiak ere eragina izan duela azken hilabeteetako martxan: «Segurtasunaren kudeaketa egokitu behar izan dugu. Eta ikasgai bat ere atera dugu: larrialdietarako plan bat prestatzen ari gara, berariaz aplikatzeko gaixotasun larri eta kutsagarrien kasuetarako». Egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, sailburuak txalotu egin du hauteskundeak uztailean egiteko erabakia, baina aitortu du badagoela zer hobetu alor horretan, eta bozetako araudia «sakon» aztertzeko eta aldaketak proposatzeko konpromisoa hartu du: «Antzeko egoeretan boto sistema berriak izan ditzagun, hala nola posta edo Internet bidezko botoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.