Etxeratze agindua emanen dute Ipar Euskal Herrian

Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragarri du neurria. Ezingo da etxetik irten 21:00etatik 06:00etara. Pirinio Atlantikoetako prefeturak erran du ostatuak itxiko dituztela gutxienez hiru astez.

Herritarrak kalean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
2020ko urriaren 22a
17:08
Entzun

Ipar Euskal Herrian etxeratze agindua emanen dutela iragarri du Jean Castex Frantziako lehen ministroak gaur arratsaldean. 21:00etatik 06:00etara iraunen du, eta ostiral gauerditik aitzina ezarriko da. Tarte horretan, herritar guziek etxean egon beharko dute, eta komertzio guziak itxiak izanen dira. Karrikara atera ahal izateko, ziurtagiri bat beharko da. Ipar Euskal Herriari ez ezik, Frantziako hainbat departamenduri ere eraginen die neurriak.

Pirinio Altantikoetako prefeturak Berriari jakinarazi dionez, hiru aste iraunen du hasieran neurriak, eta ministroak iragarritakoak baino neurri gogogorragoak hartuko ditu Eric Spitz prefetak: ostatuak egun osoan itxiak egonen dira hiru astez; unibertsitateek, eta ikasleak hartzen dituzten beste egiturek erdira apaldu beharko dute haien harrera gaitasuna; kirol gertakarietan, 5.000 pertsonatik milara apalduko du gehienezko kopurua.

Beste egitura andana ere itxia egon beharko da hiru astez: joko gelak, kasinoak, erakusketa gelak, kirol gelak... Hala ere, ikastetxeei, kirolari profesionalei, eta interes orokorreko ekitaldie -odol emaiteak, txerto kanpainak, janari banaketak- harrera egiten ahalko diete. Ondoko orduetan eginen dituzte ofizial neurri guzi horiek.

«Denbora gutxi dugu»

Larri mintzatu da Frantziako lehen ministroa: «Bigarren olatua hor da; egoera larria da». Osasun larrialdia ezarri zuten joan den astean, baina azken egunetan egoera «okertu» dela erran du. Herritarrei babes neurriak errespetatzeko eskatu die, «erantzukizun eta elkartasun kolektiboa» aipaturik. «Ukituak ez garen bitartean ukiezinak garela uste dugu. Alta, denak ukitzen ditu, gazte ala ez hain gazte, hirian eta kanpoaldean. Maila ezberdinean ukitzen gaitu, baina denak ukitzen gaitu».

Abisua ere eman du, epidemia gainditu ezean neurri «zorrotzagoak» hartu beharko dituztela erranez. «Oraindik denbora badugu, baina denbora gutxi gelditzen zaigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.