Literatura

Lander Garrok irabazi du nobelak idazten laguntzeko Agustin Zubikarai saria

Euskal Herriko giro nahasitik ihesi Bartzelonara doan Xabi Ugarte pertsonaiaren nondik norakoak ditu ardatz proiektuak, eta 'Faith' du behin-behineko izenburua.

Lander Garro idazlea. BERRIA
Inigo Astiz
2020ko urriaren 23a
09:54
Entzun

Eskarmentuko idazlea da Lander Garro. Orain galdera berriak ditut (Txalaparta) ipuin bilduma izan zen bere lehen publikazioa, 2004an, eta beste bi eleberri ere baditu kalean, geroztik: Kontrarioa (2010, Susa) eta Gerra txikia (2014, Susa). Gidoigile ere aritua da Sautrela telebista saioan, eta bera da egunotan zenbait zinema aretotan ikus daitekeen intsumisioari buruzko 2 urte 4 hilabete dokumentalaren zuzendaria ere. Agustin Zubikarai saria ere jaso du orain, bere hurrengo nobela idatzi ahal izateko. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute sariketa, eta 6.000 euroko laguntza eskaintzen die sortzaileei, urtebeteko epean lana amaitzeko baldintzapean.

Faith du behin-behineko izenburua proiektuak, eta Xabi Ugarte izeneko pertsonaiaren nondik norakoak ditu ardatz. Idazlearen alter ego-a da protagonista, Elkar argitaletxeak bidalitako oharraren arabera, eta hark Bartzelonan pasatzen duen aldia kontatzen du eleberriak. Argazkilaritza ikastera joan da bertara, Euskal Herriko giro nahasitik eta Poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. Oharraren arabera, idazkera «fresko eta sinesgarria» du lanak, eta «eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia», «gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia», eta «testuaren erritmoa» nabarmendu dizkiote eleberri asmoari.

Sari banaketa, Ondarroan

Guztira, 29 lan aurkeztu dira sariketara, eta horien artean Garroren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Urriaren 30ean egingo dute sari banaketa, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.