Etxeratzearen aukera aztertu du Nafarroako Gobernuak

469 positibo atzeman dira azken 24 orduetan, egindako PCRen %12 inguru. Javier Remirez pozik azaldu da Nafarroako Auzitegi Nagusiak gobernuari arrazoi eman diolako eta atzo indarrean sartu zen 57/2020 foru araua berretsi duelako. 

Errepide kontrola, atzo, Vianan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2020ko urriaren 23a
13:55
Entzun

Nafarroako Gobernuak ez du baztertzen etxeratzeko agindua. Aipatu dute aukera hori, baina zerbitzu juridikoek ebatzi dute estatuaren eskumena dela. Javier Remirez presidenteordearen esanetan, «jarrera eraikitzailea dute», eta, aukera hori zabalik badago ere, Espainiako Gobernuari dagokio erabakitzea. Remirezen ustez, kutsagarritasunaren abiada murrizteko «neurri oro» hartzeko prest dira, eta ondorioztatu dute mugimenduen ondorioz eta espazio itxietan bilkurak eginda zabaltzen denez errazen koronabirusa, neurriek hor eragin behar duela.

Nafarroako Gobernua pozik azaldu da Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako epaileek arrazoi eman dietelako, atzo indarrean sartu zen foru arauaren edukia osorik berretsi dutelako. Dena den, bere autoan, auzitegiak argitu du hurrengoan gobernuak auzitegien baimena lortu beharko duela araua indarrean sartu aurretik. Halaber, behartu egingo du gobernua zazpi egunen buruan bilakaera epidemiologikoari buruzko txosten bat bidaltzera epaileei.

Foru arauak gehenez sei laguneko bilerak baimentzen ditu, eta, aldiz, herritarrei gomendatu egiten die etxe bereko pertsonekin soilik egotea eremu pribatuan. Remirezek aitortu du zerbitzu juridikoek gomendatuta egin zutela hori. «Aztertu genuen bilkurak bizikidetza unitateetara soilik mugatzea, baina, zorroztasun juridikoz jokatuz, erabaki genuen ez zegoela gure eskumenen menpe hori», aitortu du.

Asteburua iristear denez, Nafarroa barruan mugi daitekeela zehaztu du, baina herritarrei gomendatu die mugimenduok ahalik eta gehien mugatzea. Ipar Euskal Herriko muga zeharkatzerik badagoela esan du, nazioarteko irizpideen arabera jokatzen delako muga horretan eta, hortaz, Espainiako segurtasun indarren esku dagoelako zaintza. Remirezen arabera, herritarrek «arduraz» jokatu behar lukete, eta uste du «anekdotikoa» izango dela, adibidez, Lapurdira joatea ondoren Gipuzkoara igarotzeko.

Eguneko datuak

3.717 proba egin dira azken 24 orduetan, eta horietatik %12 inguruk eman dute positibo. Ostegunean, beste marka txar bat gainditu ostean, behera egin dute kutsatzeek, baina kopuru handia da oraindik ere: 469. Kasuek batik bat behera egin dute Iruñean, atzo jakinarazitakoekin alderatuta 98 gutxiago izan baitira. Haatik, Nafarroa erdialdeko eta Erriberako hainbat herritan kasu kopuru handiak izan dituzte: Larragan eta Artaxoan, 18; Cadreita zein Murchante inguruan, 14; Cascanten, 14; eta Corella inguruan, 12. Santos Indurainek baieztatu du ez dutela baztertzen herri horiek ixtea.

Gainera, azken 24 orduetan beste bi hildako izan dira. Ospitaleen gaineko presioa handitzen ari da. Uneotan 369 pertsona daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 39 gehiago. Larrialdietan, berriz, 43 lagun daude COVID-19aren ondorioz. «Egoera oso kezkagarria da», Indurainen arabera.

Osasun kontseilariak esan du ostegunean Espainiako Gobernuarekin erkidegoen arteko bilera izan zutela, eta arrisku mailaren arabera plangintza eta erantzunak aztertu zituztela. Aurreko egunetan komunikabideek baieztatu bezala, Nafarroa arrisku maila gorenean legoke, baina Indurainen arabera, indarrean sartu diren neurriak planean jasotakoak baino gogorragoak dira. Indurainen arabera, neurriok «ez dira helburu bat, bitartekoa baizik». Haren ustez, erreminta bat dira kutsatzeen erritmoa geldotzeko eta ospitaleetako presioa arintzeko. Datozen egun eta asteetan egoera okertuko dela azaldu du.

Zahar etxeetan, hobera

Ez da dena ezkor. Sektorerik hauskorrena zahar etxeetako egoiliarrak izan dira, eta bigarren olatu honek ere eragin die adineko egoitzei. Dena den, azken egunetan sendagiri ugari izan direnez, 111 kasu daude uneotan; iragan astean baino 58 gutxiago, alegia. Uztailaren 1etik 43 egoiliar hil dira. Aldiz, menpekotasun zentroetan positiboek gora egin dute, eta uneotan 30 daude.

Martxotik zahar etxeek izan dituzten diru sarreren jaitsiera eta gastu igoera konpentsatzeko, Nafarroako Gobernuak 3,5 milioi euroko diru poltsa bat sortu du. Diru hori gobernuarekin hitzarmena duten 42 zentroen artean banatuko dute: lehen ordainketa, martxotik maiatzera arteko datuei dagokiena, 1,7 milioi eurokoa izango da. Ondorengo hilabeteetako gastuena, ondorengo bi hiruhilekoetan kontuen likidazioa aurkeztean banatuko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.