EUSKARA

Roberto Gonzalez de Viñaspre eta Miriam Urkia, Euskaltzaindiko zuzendaritzakide berriak

Xarles Bidegainek eta Xabier Kintanak utzi eginen dute zuzendaritza taldea, eta taldean jarraituko dute Andres Urrutiak —euskaltzainburu gisa—, Jean-Baptiste Coyosek —buruorde—, Adolfo Arejitak —idazkari— eta Sagrario Alemanek —Jagon sailburua—.

Miriam Urkia, 2019ko martxoan, Euskaltzaindiko sarrera hitzaldian. Zuzendaritzako kidea izanen da orain. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2020ko urriaren 23a
14:06
Entzun

Euskaltzaindiak datozen lau urteetarako zuzendaritza taldea berritu du gaur, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean egindako osoko bilkuran. Orain arte bezala, Andres Urrutia izanen da euskaltzainburua. Jean-Baptiste Coyosek, Adolfo Arejitak eta Sagrario Alemanek ere segituko dute zuzendaritza taldean, baina beste ardura postu batzuk hartuko dituzte: Coyos buruorde izendatu dute —Jagon saileko burua zen—; Arejita, idazkari —Iker saileko burua zen—; eta Aleman, Jagon sailaren buru —diruzaina izan da orain arte—. Bi kide berri izanen ditu zuzendaritzak: Miriam Urkia —Iker saileko burua izanen da— eta Roberto Gonzalez de Viñaspre —diruzain izendatu dute—; biak euskaltzain oso dira 2018tik. Xarles Bidegainek eta Xabier Kintanak utzi eginen dute zuzendaritza.

Euskaltzaindiak nabarmendu du «euskararen lurralde guztiak» hartuko dituela zuzendaritza berriak. Lau gizonek eta bi emakumek osatuko dute taldea —orain arte emakume bakarra zegoen—. Euskaltzain osoak dira guztiak.

Kide berriak

Roberto Gonzalez de Viñaspre Bilbon jaio zen, 1961ean. Bilbotarra da jaiotzez, baina Trebiñun (Araba) bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, hizkuntzaren normalizazioaren alorrean. 2015ean euskaltzain urgazle izendatua, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da. 2018an euskaltzain oso izendatu zuten, eta Onomastika Batzordearen buru. Arabako toponimia historikoa da gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin aztertu du Trebiñukoa. Aurrerantzean, akademiaren diruzaina izanen da.

Miriam Urkia Gonzalez Aretxabaletan jaio zen (Gipuzkoa), 1965ean. Euskal Filologiako doktorea da, eta lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza eknologiak dira haren lan esparruak. UZEIko langilea da 1983tik, eta Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik; teknologiei lotutako lan lexikografikoetan ez ezik, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide da 1999tik, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik, eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. 2018an euskaltzain oso izendatu zuten. Aurrerantzean, Iker sailaren ardura hartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.