Artea

Ibarrolaren unibertso artistikoak bete du Bilboko Rekalde aretoa

Agustin Ibarrola sortzailearen azken lau hamarkadetako 70 lan inguru biltzen ditu 'Agustin Ibarrola, naturalki' erakusketak, eta Jose Ibarrola seme eta artistak egin ditu komisario lanak

Bisitari bat Bilboko Rekalde aretoak Agustin Ibarrola artistari eskainitako erakusketan. MIGUEL TOñA/EFE
Inigo Astiz
2020ko urriaren 23a
14:40
Entzun

«Haren lana oximoron plastiko bat da. Alde batetik, oso sortzaile espresionista da, keinu oso askekoa, eta, beste aldetik, aldi berean, oso arrazionalista ere bada, eta bi joera horien uztartzeak egiten du berezi haren lana». Kontraesan moduko horretan dago Agustin Ibarrola artistaren muina, Jose Ibarrola artista, seme eta, orain, komisarioaren hitzetan. Berak aukeratu eta antolatu ditu Bilboko Rekalde aretoan aitaren azken 40 urteotako ibilbidea biltzen duen erakusketako lanak. Agustin Ibarrola, naturalki izendatu du 70 artelan baino gehiagoko bilduma, eta uztailaren 4ra arte egongo da ikusgai. Artistaren alderik ezagunenekin batera, haren alde ezezagunagoak ere erakustea izan du helburu, eta horregatik jarri ditu publikoaren bistara, amaitutako hamaika lanekin batera, Ibarrolaren egitekoaren berri ematen duten zirriborro, maketa eta esperimentuak ere.

Rekalde areto osoa hartzen du alderik alde bildumak, kalera ematen duen erakusleihotik hasi, sarrerako espazioan segi, eta barruko azken aretoraino. Eta kaletik egindako begiratuarekin hasten da ibilbidea, komisarioak azaldu duenez. Kristaletik barrurantz begiratuta ere, lau baso topatuko ditu ikusleak begi kolpe bakarrean. «Baso pilaketa bat». Totem itxurako margotutako zutabe multzo bat ikusiko du lehenik erakusleihotik gertuen, eta hori izango da lehen basoa. Margotutako adarrez osatutako eskultura bat igarriko du haren atzean, gero. Bigarren basoa. Omako basoaren argazki bat ere topatuko du ondoren, sarrera guneko hormetako bat ia osorik hartzen, eta, azkenik, punturik urrunenean topatuko du laugarrena. Artistak duela lau urte inguru etxe alboko sasietako hostoetan pintura urdinez margotutako zirkulu baten argazkia da azken hori, eta, hain zuzen ere, irudi horrekin abiatuko du bisitariak barruko aretoetako ibilbidea. Artistaren azken lanetako batekin.

Lau material

Egurra, papera, harria eta altzairua. Lau material horien arabera ordenatu ditu komisarioak erakusketako barruko aretoak, baina, aitortu duenez, ez da irizpide estua, eta kronologiaren arauei izkin egin ahal izateko baliatu du, batez ere. «Ez da erakusketa antologikoa, ez kronologikoa, ez eta zehazki tematikoa ere. Galdera jakin bati erantzuten saiatzen den erakusketa bat da hau: Zergatik margotu zituen Llanesko kuboak, edo Arteagako harriak... Eta zergati horren bilaketak eraman nau haren azken urteetako ibilbidearen alderik funtsezkoenak erakusten dituen erakusketa hau antolatzera».

Naturan egindako lanak dira bildumaren ardatzetako bat, baina ez da naturan egindako lanen hautaketa bat ere.

Naturan margotzera egindako jauzi hori askoz ere lehenagotik datorrela erakutsi nahi izan du komisarioak erakusketarako egindako hautaketarekin. Lehen aretoetako batean, adibidez, horregatik jarri ditu parez pare koadro koloretsu abstraktuak eta adarrak metatuz sortutako eskulturak, artelan bakoitza zein garaitakoa den kontuan hartu gabe, logika paretsuak sortu dituelako guztiak. Adarren pare kiribiltzen dira elkarren gainean kolore masak oihaletan, eta margolan bateko lerro abstraktuak balira bezain garbi ebakitzen dute adarrek espazioa eskulturetan.

Harrien adierazkortasuna

Bidegurutze horretan jarri nahi izan du arreta komisarioak, eta bazterrean utzi ditu, horregatik, Ibarrolak bere lehen urteetan sortutako figurazio lanak, adibidez. Beraz, bisitariak ez du langile mundua eta Poliziaren bortizkeria erakusten duten litografia ezagunik topatuko bilduman. Nagusiki, Grupo 57 izeneko taldearekin lanean hasi zenetik aurrerakoak dira komisarioak hautatu dituenak. Haren ustez, talde hura baita giltzarria artistak gero naturara eramango zuen lengoaia ulertzeko. Besteak beste, Jorge Oteiza, Angel Duarte, Jose Duarte, Juan Serrano eta Luis Aguilera artistekin batera, orduan hartutako ikuspuntu arrazionalista, abstraktu eta geometrikoa da gero zuhaitz, harri zein hostoen logika bihurriarekin uztartuko duena. «Omako basora iristen denean, Ibarrola ez da han agertzen den eta bat-batean besterik gabe pintatzen hasten den iratxo bat, ez; askoz ere lehenagotik hasten den lan sistema baten emaitza da hori».

Grupo 57 sortu zen garaian, informalismoa zen munduan indar betean zen joera artistikoa, komisarioaren hitzetan, eta, hari aurka egiteko, arrazionalismoan oinarritutako programa bat proposatu zuen taldeak. «Ibarrolak uste zuen arrazionaltasunean oinarritutako programa hura edozeri aplika zekiokeela, eta ideia horri jarraika heldu zen naturara, eta han topatu zuen, hain zuzen ere, bilatzen ez zuen hori: espresibotasuna».

Kaosa eta ordena

Erakusketako laugarren aretoan ikusten da hori argien. Harriari eskainitako atalean. Margotutako harri sorta bat ikusiko du bertan bisitariak areto erdialdeko mahaiko bitrinan, eta Gautegiz Arteaga eta Ereño inguruko basoetan (Bizkaia) egindako esku hartzeen diapositibak ere ikus daitezke hormetan. «Hori jadanik ez da existitzen», azaldu du komisarioak. Desagertuz joan baitira denborarekin. 1990ko hamarkada inguruan egindakoak dira argazkietako irudiak. Denak harri gainean. «Sute bat izan zen, eta erre egin ziren hango arte guztiak. Orduan azaldu ziren harri horiek denak, eta han joan zen aita, ingurua oraindik ia ketan zegoenean». Badira harri gainean armiarma sareak irudikatzen dituzten marrazkiak, adibidez, baina haitz erabat erregular horietako batzuen gainean zehatz marraztutako koadrikula ezinago zuzen batek erakusten du argien komisarioak aipatutako arrazionalismoaren eta espresionismoaren arteko ezkontza.

Ibarrolaren «zintzotasuna» ere nabarmendu du seme eta komisarioak erakusketan egindako bisitan. «Beti eman zuen bere iritzia, egoera edozein zela ere». Eta, haren hitzetan, horregatik amaitu zuen kartzelan frankismo betean, eta horregatik beragatik jasan zituen gerora ETAren mehatxuak ere. Omako bere etxean egonagatik ere, 2000. urtetik 2012. urtera eskoltarekin bizi behar izan zuela ere gogoratu du semeak, adibidez. Edonola ere, pertsonaia publikoaren gainetik, artista da berak erakusketarekin aldarrikatu nahi duena. «Hain zuzen ere, urterik zailenetan egindako obra da bere ibilbideko lanik bitalista eta koloretsuena».

Pintatzeko keinua, goizero

Urteak eman dituzte erakusketa prestatzen. 2016an hasi ziren Ibarrolari eskainitako erakusketari bueltaka. Jose Ibarrolak erakusketa bat ireki zuen aretoan urte harten, bere lanekin, eta orduan jaso zuen bere aitari omenaldi bat egiten saiatzeko proposamena. «Ohartu ginen eskaini zitzaion azken erakusketa garrantzitsua 1990eko hamarkadakoa zela, eta, horregatik, 30 urte pasatu ostean, beste erakusketa garrantzitsu bat egiteko momentua zela pentsatu genuen».

Berez, artistak 90 urte beteko zituen egunerako zuten pentsatua erakusketaren irekiera, uztailerako, baina, koronabirusaren eraginez, atzeratu egin behar izan dute data hori, azkenean. Semeak kontatu duenez, oraindik ere, goizero egiten du artistak pintatzen saiatzeko keinua, baina, azaldu duenez, «nahasia» du burua, eta, tarteka, ez da gai bere koadroak errekonozitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.