Alarma egoera ezartzea erabakiko du gaur Espainiako Gobernuak

Ministroen Kontseilu berezia egingo dute gaur dekretua sinatzeko, besteak beste Hego Euskal Herriko gobernuburuek eskatuta.

Durango, atzo arratsaldean. Dena itxi behar dute 21:00etatik aurrera. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 24a
11:55
Entzun

Gaur, goizeko hamarretan bilduko dira Espainiako Gobernuko ministroak, larrialdi egoera ezartzeko, besteak beste Hego Euskal Herriko lehendakariek hala eskatu ondoren.

Larrialdi egoerak aukera emango die erkidego autonomoei askatasunak murriztuko dituzten neurriak hartzeko, epaitegiei eskatu gabe. Bakarrik 15 egunez ezar dezakete larrialdi egoera, baina, Madrilgo iturrien arabera, Espainiako Gobernuak hura luzatzeko aukera aipatzen du dekretuaren testuan bertan. Valentziako Gobernuak (Herrialde Katalanak), esaterako, abenduaren 9ra arte ezartzeko eskatu dio Madrili.

Pedro Sanchezen gobernuak behin bozkatu nahi du neurria luzatzea, ez bi astetik behin, udaberriko konfinamenduan bezala. Baina Alderdi Popularrak gobernatzen dituen bost erkidegoek ez diote orain arte sostengurik eman neurriari.

Erabakia Alderdi Popularraren sostenguarekin hartzea nahi du Sanchezek, eta harekin gatazkarik sortu gabe.

Ministroen Kontseilua asteartean biltzekoa zen, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak astelehenean erkidegoetako buruekin bilkura egitea aurreikusita baitago. Bilkura horretara gonbidatuta dago Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea.

Ministroen Kontseilua aurreratzeko erabakian eragina izan du Iñigo Urkullu Iñigo Eusko Jaurlaritzako eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariek alarma egoera ezartzeko Madrili atzo eginiko eskaera formalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.