Ia Gipuzkoa osoa «gune gorrian» dago

Bizkaiko eta Gipuzkoako 39 herrik 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago izan dituzte azken hamalau egunetan. Donostia da horietako bat.

Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2020ko urriaren 26a
10:30
Entzun

100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiago izatea iragan hamalau egunotan: hori da COVID-19aren datuen eboluzioa neurtzeko mugetako bat, eta asteburuan Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabi herrik pasatu dute muga hori: Abantok, Zornotzak, Galdakaok, Muskizek (Bizkaia), Donostiak, Errenteriak, Irunek, Lasarte-Oriak, Mutrikuk, Oiartzunek, Usurbilek eta Villabona-Amasak (Gipuzkoa). Aldiz, zerrendatik ateratzea lortu du Lekeitiok (Bizkaia), datu hobeak dituela eta. Egoera ikusita, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea neurri gehiago iragartzekoak dira arratsaldean.

Beraz, gune gorri deiturikoak dira horiek ere, eta Eusko Jaurlaritzak aparteko prebentzio neurriak hartu beharko dituzten udalerrien zerrendan sartuko ditu. Besteak beste, taberna eta saltokiak 21:00etan itxi behar dituzte toki horietan.

Koronabirusa kolpea jotzen ari da, batez ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan. Horren erakusgarri da Eusko Jaurlaritzak gune gorrian sartu dituen herri kopurua. Guztira, 39 dira intzidentzia altuena duten herri handiak: Abadiño, Abanto, Zornotza, Durango, Elorrio, Ermua, Galdakao, Muskiz, Ortuella (Bizkaia), Andoain, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona-Amasa, Zumaia eta Zumarraga. Hau da, Gipuzkoan, 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Orio, Hondarribia, Zarautz eta Aretxabaleta bakarrik daude zerrendatik kanpo.

Denera, 739.000 herritarri baino gehiagori eragiten diete neurri bereziek. Gipuzkoakoak dira gehien-gehienak. 100.000 biztanleko positibo kopuruan ere badago aldea. Milatik gorakoa da Gipuzkoako zenbait herritan: Astigarragan (1.100), Azkoitian (1.176), Azpeitian, (1.647), Beasainen (1.725), Lezon (1.049), Ordizian (2.046), Urnietan (2.294), Urretxun (1.029) eta Zumaian (1.537).

Donostia izan da egoera horretan dagoen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen hiriburua: 100.000 biztanleko 545 kasu ditu. «Zuhur» jokatu behar dela esan du Eneko Goia alkateak: «Era arduratsuan egokitu behar dugu errealitate berrira». Bilboko datuak ere  gero eta okerragoak dira, eta 100.000 biztanleko 443 kasu dituzte. Gasteizko zenbakiak apalagoak izan arren, 100.000 biztanleko 366 positibo dituzte dagoeneko.

Donostia ospitaleko egoera ere hizpide izan du hiriko alkateak: pazienteen «intzidentzia» handia dela onartu du, baina «ahalmena» baduela oraindik egoerari erantzuteko. Ospitaleko datuen eboluzioari begira «kezka» ukaezina dela adierazi du.

Positiboak atzemateko baheketa «masiboak» hainbat tokitan egitea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Halakoak Donostian egiteak «zailtasuna» duela onartu du Goiak, biztanle kopurua handiagoa delako. Hala ere, osasun agintarien irizpideak beteko dituztela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.