Eusko Jaurlaritza

Artolazabalek esan du giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe eredu bat bultzatuko duela

Indarkeria matxistaren biktimen prebentziorako eta arretarako aurrekontua %30 handituko du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 26a
12:09
Entzun

Eusko Legebiltzarrean legealdirako asmoak azaldu ditu Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak gaur goizean. Azaldu du legealdi berriaren erronketako bat izango dela espetxe instituzioen transferentzia kudeatzea —martxorako aurreikusi dute transferentzia eskualdatzea— eta Artolazabalek esan du bere departamenduak legebiltzarrak zehaztutako «bide orriari» jarraituko diola eta eskumena transferitzen denean, «gizarteratzea» oinarri duen espetxe eredua martxan jarriko duela. Jaurlaritzaren helburua da «giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe eredu gizatiarrago bat»  lortzea, sailburuak nabarmendu duenez.

Giza eskubideen esparruan, «adiskidetzean» eta «bakean» aurrera egin nahi du Artolazabalek, eta «biktima guztien» eskubideak bermatu nahi ditu. «Biktima guztiek izango dute lehentasuna: ETAren terrorismoaren biktimek, eta baita GALen, Batallon Vasco Españolen eta eskuin muturraren eta terrorismo jihadistaren biktimek ere». Zehaztu du biktima guztiak aintzat hartuko dituztela, inor baztertu gabe, baina giza eskubideen urraketak «parekatu gabe». «Legegintzaldi honek giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko legealdia izan behar du» , azaldu du. Baina argi utzi du «ETAren biolentzia eta zentzugabekeria» izan dela hamarkada luzez izan den giza eskubideen urraketarik «larriena».

Halaber, datozen lau urteetan memoria «kritikoa eta autokritikoa» sustatuko ditu Jaurlaritzak, eta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren eta Gogora Institutuaren lana funtsezkoa izango da helburu hori lortzeko, Artolazabalek azpimarratu duenez. Memoria «inklusiboa» lortzeko, berriz, hainbat proiektu martxan jarriko dira legealdi honetan: Gernikako Bake Museoaren erakusketa proiektua eta diskurtsoa berrituko dute, eta Gasteizen Martxoaren 3ko memoria zentroa sortuko dute.

Berdintasuna
Gizon eta emakumeen arteko berdintasun politiken zeharkotasunari bultzada emango diola azpimarratu du Artolazabalek.  Hainbat plan eta proiektu iragarri ditu: emakume biktimentzako berehalako laguntza juridikorako diru saila %20 handituko dute, eta indarkeria pairatu duten emakumeak artatzeko epaitegien instalazioak egokituko dituzte, biktimak eta erasotzaileak bereizteko. Era berean, Artolazabalek iragarri du legealdi honetan aurrekontua %30 handituko dutela indarkeria matxistaren biktimen prebentziorako eta arretarako; urtero, gutxienez 30 milioi euro bideratu nahi dute arlo horretara.  Halaber, jakinarazi du emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren behatokia sortuko duela.

Bestalde, Zerbitzu Sozialen Euskal Sistema «indartuko» duela iragarri du, eta, arlo horretan, zaintzaren aldeko gizarte itun bat sustatuko duela Emakunderekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.