Senideak bisitatzeko mugak: neurriak, Ertzaintzaren arabera

Eusko Jaurlaritzaren dekretua interpretatzeko irizpideak eman ditu Ertzaintzaren zuzendaritzak; besteak beste, ezarri du erosketak udalerrian edo albokoan egin behar direla, eta ezinbestekoa denean soilik joan daitekeela beste herri batera. Senideak bisitatzeari dagokionez, ohartarazi dute «laguntza eta zaintza lanetarako» soilik dagoela onartua, ez besterik gabe bisitan joatea.

Ertzaintzaren kontrol bat, joan den maiatzean. GORKA RUBIO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko urriaren 28a
12:24
Entzun

Indarrean da Eusko Jaurlaritzak joan-etorriak mugatzeko onartutako dekretua, eta datozen egunetan neurriak «zorrotz» betearazten hasiko da Ertzaintza, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iragarri duenez. Egunotan ez dira isunak jartzen ari: «informazioa» ematen ari dira herritarrei.

Ertzaintzaren zuzendaritzak jarraibide batzuk eman ditu, dekretua nola interpretatu. Hona:

Erosketetara joan daiteke udalerritik kanpora?

Bizileku den udalerrian edo albokoan erosi behar dira elikagaiak eta bestelako produktuak. Herrian edo alboan ez badago erosi nahi den produktua, «salbuespenez» joan ahalko da beste herri batera, baina betiere bizileku den herritik ahalik eta gertuen dagoen saltokira.

 

Mugikortasunari dagokionez, zein hartzen da alboko udalerri gisa?

Bizilekuaren ondoan dagoen udalerria: bizilekutik zuzenean sartzen den herria, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro gabe.

 

Joan daiteke adinekoentzako egoitzetara?

Bai, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, zentroak berak baimendutako bisitak badira.

 

Joan daiteke espetxera bisitan?

Bai, baldin eta espetxeko agintaritzak emandako baimena izanez gero. EAEtik kanpora joatea baimenduko da baldin eta helmugako erkidegoak ez baldin badu sarbidea debekatua.

 

Onartua dago autoarekin beste herri bateko tailerrera joatea?

Bai, baldin eta tailerrera joatea «atzeraezina, nahitaezkoa eta aurrez aurre egin beharrekoa» baldin bada.

 

Kultu lekuetara joateko mugi daiteke herritik?

Soilik bizi den udalerrian edo albokoan halakorik ez badago, eta betiere hurbilen dagoen tokira.

 

Norbaiten bila joan daiteke geltokira edo aireportura?

Bai, senidea baldin bada, eta etxera bueltan etortzeko soilik.

 

Joan daiteke senideak bisitatzera, menpekotasunen bat badute, ezinduak badira edo egoera zaurgarrian badaude?

Ez. Soilik laguntza eta zaintza lanetarako joan daiteke.

 

Baratzera joan daiteke?

Bizileku den herrira edo albokora soilik.

 

Bigarren etxebizitzara joan daiteke?

Herri berean edo albokoan badago soilik.

 

Sindikatuko, alderdi politikoko edo halako taldeetako jardueretarako mugi daiteke?

Bai, jardun instituzional gisa hartzen direlako.

 

Aire zabalean kirola egin daiteke taldean?

Bakarka egin daiteke, eta, taldean bada, gehienez ere sei lagun.

 

Hilerrira joan daiteke?

Soilik bizileku den herrikora edo albokora.

 

Kultur etxeetan, kirol eskoletan eta halakoetan antolatutako jardueretara joan daiteke?

Bizileku den herrian edo albokoan bakarrik.

 

Tabernek itxita egon behar dute 23:00etatik 06:00etara. Baina langileak aritu daitezke barruan lanean ordutegi horretatik kanpo?

Bai. Lokala prestatzeko lanak egin ditzakete ordutegi horretatik kanpo. Ezin dute etxez etxeko banaketa zerbitzurik egin 23:00etatik 06:00etara.

 

Tabernako makina txanponjalean ibil daiteke zutik?

Ez. Eserita jokatu behar da.

 

Kirola egitera edo entrenatzera joan daiteke udalerritik edo albokotik harago?

Ez, non eta ez daukan kirolari profesionala edo erdi-profesionala dela egiaztatzeko agiririk.

 

Bizileku ez den herriko kiroldegira joan daiteke?

Alboko herrikora bakarrik.

 

Beste erkidego batera joan daiteke ehizara, arrantzara edo halako jardueraren batera?

Ez. Soilik bizileku den herrian edo albokoan egin daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.