Islamismoa

Turkiak «neurriak» hartuko ditu 'Charlie Hebdo'-ren kontra, Erdoganen karikatura batengatik

Paris eta Ankararen arteko harremanak pozoitzen jarraitzen dute. Erdoganek «pertsona ohoregabe» deitu die umoregileei, eta Turkiako Kultura ministrordeak «sasikumeak» hitza erabili du.

Aldizkari satirkoak azalean argitaratu duen irudia. CHARLIE HEBDO
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 28a
13:35
Entzun

Turkiak gaur iragarri duenez, «behar diren neurri legal eta diplomatikoak» hartuko ditu Frantziako Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurka, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen karikatura batengatik. Herrialdeko presidentetzak hala iragarri du hedabideetara bidalitako agiri ofizial batean. «Amaieraino borrokatuko gara, modu osasuntsuan, baina erabakitasunez, ekintza gaizto eta iraingarri horien kontra», idatzi du Erdoganen bulegoak.

Frantziaren eta Turkiaren arteko harremanak katramilatu egin dira, islamaren inguruko karikaturen harira. Charlie Hebdo-k beste urrats bat egin zuen aurrera atzo, Erdoganen karikatura lehenengo orrian jarrita. Horretan, «Erdogan etxean oso dibertigarria da» mezuaren azpian, Turkiako presidentea agertzen da, galtzontzillotan, eta garagardo bat izan daitekeena edaten, beloa daraman emakume bati hura altxatzen, eta haren ipurdia agerian uzten. «Uhhh; profeta!», esaten du karikaturako Erdoganek.

Turkiako presidenteak berak hitz egin du marrazkiaren inguruan. Marrazkia «ikusi ere ez duela egin» esan du. «Ez dut ezer esan behar neure Profeta iraintzen duten pertsona ohoregabe horien inguruan. Ez nau mindu eta haserretu neure aurkako eraso doilorrak, baizik eta hedabide bera izateak Profetaren aurkako higuingarrikeriaren iturria». Gaineratu du satiragileen helburua ez dela bera, baizik eta «defendatzen ditugun balioak».

Atzo bertan, salaketa jarri zion Erdoganek Herbehereetako eskuin muturreko Geert Wilders diputatuari, Erdoganen inguruko marrazki bat zabaltzeagatik. Turkiako presidentea buruan bonba bat duela agertzen du marrazkiak. «Terrorista» idatzi du buruzagi ultrak Erdogani, txio horretan. Salaketan, Ankarak eskatu du Wilders Turkiako legearen arabera epaitzeko.

Ankarako prentsa arduradun Fahrettin Altunek adierazi duenez, karikatura Emmanuel Macron Frantziako presidentearen «musulmanen aurkako egitasmoaren» ondorioa da. «Gaitzetsi egiten dugu arrazakeria kulturalaren eta gorrotoa zabaltzeko hedabide horren ahalegin lotsagarri hori».

Turkiako Kultura ministroorde Serdar Çamek gogorrago jo du satiragileen aurka: «Sasikumeak zarete. Zakurrren kumeak zarete».

Boikotak aurrera jarraitzen du
Frantziako produktuen aurkako kanpainak aurrera jarraitzen du hainbat herrialde musulmanetan.

Joan zen astean, Samuel Paty irakasleari estatu omenaldia egin zioten, eta horretan parte hartu zuen Macronek. Islamista batek hil zuen irakaslea, hark ikasleei Mahomaren karikatura batzuk erakutsi zielako, ikasgelan adierazpen askatasunaren gaiaz eztabaidatzeko.

Omenaldian, Macronek esan zuen Frantziak ez ziola uko egingo karikaturak egiteko eskubideari. Horrez gain, Parisek islamismoarekin lotzen dituen hainbat elkarte sakabanatu eta debekatu ditu azken egunotan.

Horrek guztiak protestak eragin zituen asteburuan hainbat herrialde musulmanetan. Besteak beste, Turkian, Jordanian eta Iranen agintariek gaitzetsi egin dute Macronek karikaturei emaniko sostengua. Konferentzia Islamikoaren Erakundeak ere «biraozko marrazkiak etengabe argitaratzea» gaitzetsi du, eta Macronen adierazpenek «Frantziaren eta musulmanen arteko harremanak zulora eramateko arriskua» dakartela gaineratu du.

Erdoganek Macronen hitzak gaitzetsi zituen, baina zuzenean jo zuen Frantziako presidentearen kontra: «Joan aztertzera burutik sano ote zauden», esan zion. Parisek Ankaran duen enbaxadorea erretiratu zuen, hitzon aurkako protesta gisa. Atzo, boikot dei zuzena egin zuen Erdoganek, eta Frantziako produkturik inoiz ez erosteko eskatu zien herritarrei.

#BoycottFrance traola erruz zabaldu da asteburuan Twitterren. Boikot deialdiak eragina izan du Pakistandik Qatarreraino. Azken honetan, hainbat saltoki kate handik iragarri dute kendu egingo dituztela Frantziako produktuak apaletatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.