Ipar Euskal Herria berriz konfinatuko dute etzitik goiti

Ostiraletik aitzina Frantziako Estatu osoa konfinatuko dute. Eskolek irekita jarraituko dute, eta lanera joateko baimenak emango dituzte; gainerakoetara, martxoan bezala, agiri batekin joan ahalko da. Oraingoz, Iparraldearen eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekia egonen da.

Emmanuel Macron, gaurko agerraldian. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urriaren 28a
20:19
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak trenkatu du: ostiraletik aitzina, Frantziako Estatu osoa konfinatuko dute. Beraz, Ipar Euskal Herria ere itxita. Eskolak irekiak egonen dira; lanera joateko baimena beharko da, eta zahar etxeetako bisitak baimenduak egonen dira; gainerakoan, martxoan bezala, agiri bat beharko da. Ostatu eta jatetxeak osoki hetsiko dituzte. Oraingoz, ordea, Iparraldearen eta Hego Euskal Herriaren arteko muga irekia egonen da.

Eskolek, lizeoek eta kolegioek irekita jarraituko dute, bai, baina protokolo zorrotzak izanik. Unibertsitateak, berriz, itxita, online arituko dira, eta telelana egin dezaketen guztiek hala egin beharko dute. Zahar etxeetan, antzeko: bisitak egiten ahalko dira, baina protokolo oso zorrotzak betez, «bakartze osorik izan ez dadin».

Oraingoz, abenduaren 1 arte iraunen du itxialdiak Ipar Euskal Herrian. Bihartik aitzina, Frantziako Gobernuko ministroek xehetasunak emanen dituzte, baina behar-beharrezkoek ez diren saltegiak itxita egon beharko dute, bi astez gutxienez. Bilera eta elkarretaratze publikoak ere debekatu ditu Macronek.

Pronostikorik txarrenetan ere ez

20:00etan hitz egin du presidenteak. Orain arte, Ipar Euskal Herriko herritarrek etxeratze agindua bete behar zuten 21:00-06:00 bitartean, baina neurri murritzaileagoak iragarriko zituela espero zen, eta hala egin du: «Orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak izan» esanez hasi du hitzaldia. «Pronostikorik txarrenek ere ez zuten egoera hau aurreikusia». Bigarren olatua «zailagoa eta hilgarriagoa» izanen ari dela gehitu du, eta azaroaren 15erako Frantziako Estatuko suspertze zerbitzu guztiak saturaziora helduko zirela gaur bertan neurri gogorrak hartu ez balitu.

Besteak beste, langabezia partziala berriz martxan ezarriko dute kaltetuak izanen diren enpresentzat. «Ekonomiaren eta osasunaren arteko oreka aurkitu behar dugu», esan du Macronek. «Edo ez dugu deus egiten eta immunitate kolektiboaren hautua egiten dugu: Frantziak ez du horrelakorik eginen. Zaurgarrienak bakarrik konfinatzen ahal genituzke, eta ez da nahikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.