Jaurlaritzaren irizpide berriak: frogak eskatuko dituzte senideak zaintzera joateko

Neurriak indarrean dira, baina, sortutako zalantzen aurrean, galdera-erantzun gisako argibide batzuk kaleratu ditu Lehendakaritzak. Goizean Ertzaintzak bidalitako irizpideak gehiago zehaztu dituzte. Alboko udalerrira «jarduera sozioekonomikoak» egitera joateak zer esan nahi duen seinalatu dute, adibidez. Senideak bisitatzeari dagokionez, ohartarazi dute zaintza soilik dagoela onartuta, ez besterik gabe bisita bat egitea: areago, orain azaldu dute zaintza lanetara joateko frogak behar direla.

Ertzaintzaren kontrola, Iurretako bidesarian. MIGUEL TOñA, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko urriaren 28a
20:42
Entzun

Isunak jartzen ez dira hasi oraindik, baina kontrolak egiten, bai. Asteartetik indarrean daude Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren hedapena geldiarazteko hartutako neurriak, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak iragarri du datozen egunetan «zorrotz» kontrolatuko dutela herritarren jarduna. Oraingoz, «informazioa ematen» ari dira poliziak kontroletan, baina, asteburuaren atarian, zigorrak jartzen hasiko dira neurriak bete ezean.

Jaurlaritzaren dekretua nola interpretatu, zalantza ugari sortu dira. Lehenik, Ertzaintzaren zuzendaritzak zehaztutako irizpide batzuk argitaratu dituzte —gaztelania hutsez bidali dituzte udaletara, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak salatu duenez; handik ordu batzuetara igorri dute euskarazko bertsioa—. Ondoren, berriz, Lehendakaritzak kaleratu du dekretuari buruzko argibide sorta bat —euskaraz ere bai—, eta are gehiago zehaztu ditu Ertzaintzaren zuzendaritzak emandako irizpideak. Gogoan izatekoa da Iñigo Urkullu lehendakariak izenpetu duela neurriak ezartzeko dekretua, eta, beraz, Lehendakaritzari dagokio dekretuari buruzko argibideak ematea.

Hona Jaurlaritzaren azken dokumentuan jasotako gako nagusiak:

Bil daitezke sei pertsona baino gehiago lantokian?
Bai. Sei pertsona baino gehiagoko taldeetan egoteko mugatik kanpo geratzen dira laneko, hezkuntzako eta erakundeetako jarduerak. Nolanahi ere, segurtasun neurri guztiak bete beharko dira; alegia, metro eta erdiko gutxieneko distantzia gordetzea eta maskararen derrigorrezko erabilera, une oro. Gainera, bilera gela aireztatu behar da.

Bisita ditzakete aitona-amonek bilobak, udalerri mugakideetan bizi ez diren kasuetan?
Ez dira bisita eta zaintza kontzeptuak nahastu behar. Familia bisita bada, ezin da. Adingabea zaintzera joanez gero, bai, joan daitezke.

Nola justifikatuko litzateke agintaritza baten aurrean joan-etorri baten motiboa adinekoen edo adingabeen zaintza dela?
Pertsona arduradunak emandako egiaztagiriaren bidez; horretarako, familia lotura frogatu beharko da, eta zainduko den pertsonaren identifikazio datuak eman beharko dira.

Domu Santu egunean, joan daitezke mugakide ez diren udalerrietako hilerrietara?
Ez. Joan-etorriak saihestu behar dira.

Zer ulertzen da dela jarduera sozioekonomikoa?
Udalerri mugakidean egin ohi diren jarduerak, eta dekretuan jaso diren salbuespenen artean ez daudenak, esaterako: supermerkatura joatea, tindategira, jatetxera edo haurtzaindegira joatea, eta gure udalerrian bertan egin ditzakegun baina, hurbiltasunagatik eta irisgarritasunagatik, udalerri mugakidean egitea komeni zaizkigun jarduera sozial edota ekonomikoak.

Etxe bat alokatuta edukiz gero autonomia erkidego batean eta errentaria badoanez giltzak batzera joan behar izanez gero, irten daiteke erkidegotik?
Jarduera hori atzeratzerik ez badago, ezinbesteko kasutzat jo daiteke.

Etxe bat erosteko prozesuan dauden eta zenbait udalerritan etxeak ikusi behar dituzten pertsonek jarrai dezakete etxeak ikusten?
Ez, atzeratu egin beharko dute jarduera hori.

Joan daiteke autonomia erkidego berean dagoen bigarren etxebizitzara?
Ez. Mugatuta dago mugikortasuna bizitoki dugun udalerrira.

Zer gertatzen da dagoeneko bidaiatzeko hegazkin txartela erosita edukiz gero? Baliogabetu egin behar da?
Bidaiaren motiboa aisia bada, bai, hala beharko luke. Dekretuan azaldu diren motiboetako beste edozein bada, hegaldiari euts lekioke.

Sar daitezke EAEn konfinatuta ez dauden erkidegoetako herritarrak?
Dekretuan aurreikusten diren pertsonak baino ezingo dira sartu, eta behar bezala justifikatuta egon beharko dute.

Atera daiteke maskota 23:00 ondoren?
Ezin da paseatzera atera. Dekretuan aurreikusten diren jarduerak baino ezin dira egin; maskotak direla eta, larrialdiko motiboren batengatik albaitariarenera eraman daitekeela jaso da.

Sar daiteke udalerri mugakidean, nahiz eta beste lurralde historiko batean egon? Eta beste autonomia erkidego batean egonez gero?
Beste lurralde historiko batean egonez gero, bai, gainerako udalerrietan bete beharreko baldintza beretan. Ezin da udalerri mugakidean sartu baldin eta beste autonomia erkidego batean badago; izan ere, mugatuta dago EAEtik irtetea, ezarritako salbuespenetan izan ezik.

Zer jotzen da udalerri mugakidetzat? Erreka bi udalerrien artean badago, mugikortasuna posible da? (Adibidea: Erandio eta Bilbo, edo Getxo eta Portugalete)
Bizileku den udalerriaren ondoko udalerria da; udalerri mugakidera joateko zuzeneko bidea dago, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro beharrik izan gabe. Adibidea dela eta, bai, baimenduta dago Erandio eta Bilbo arteko edo Getxo eta Portugalete arteko mugikortasuna.

Udalerriko supermerkatua txikia bada, eta, normalean, beste udalerri bateko handiago batera joateko ohitura izatez gero, joan daiteke?
Elikagaiak edo baimendutako beste produktu batzuk erosteko joan-etorriak bizitoki den udalerriko edo alboko udalerriko merkataritza establezimenduetara egin behar dira. Bizitoki den udalerrian edo mugakidean ematen ez diren zerbitzu eta hornikuntzen kasuan, salbuespen gisa, bizitoki den udalerritik hurbilen dagoen saltoki handi batera edo antzeko batera joan ahalko da.

Ile apaindegira joan daiteke mugakide ez den herri batera?
Ez. Jarduera sozioekonomikoa udalerri mugakideetan baino ezin da egin. Ile apaindegia ez da dekretuan aurreikusten diren salbuespenetako bat.

Zenbat pertsona eser daitezke jatetxe batean jaten edo taberna batean zerbait hartzen?
Bai barruan, bai kanpoan gehienez sei pertsona batu ahal dira mahaiko edo mahaien multzo bakoitzeko. Gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde beharko da bezeroen artean edo bezero-taldeen artean, eta une oro egon beharko dute eserita. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da une oro, kontsumitzeko unean bertan izan ezik. Barruko edukiera, guztira, ezingo da % 50etik gorakoa izan. Ezingo da barran kontsumitu.

Ordutegi muga bera da erkidegoko taberna eta jatetxe guztientzat?
Bai. Guztiek, salbuespenik gabe, 23:00ak baino lehen itxi beharko dute, eta ezingo dute 06:00ak baino lehen ireki. Neurri hori asteko egun guztietan aplikatuko da, jaiegunetan barne.

Erregai zerbitzuguneetako eta gasolindegietako tabernek eta jatetxeek ere 23:00ak baino lehen itxi beharko dute?
Ez, ordutegiaren aldetiko mugak jatetxe zerbitzu horiek salbuesten ditu. Hala ere, ezingo dute alkoholik atera 23:00ak eta 06:00ak bitartean.

Ostalaritzako establezimendu bat edukiz gero eta 23:00etan itxiz gero, langileak itzul daitezke etxera 23:00ak baino geroago?
Bai. Dekretuan aurreikusten diren salbuespenetan jaso da lan motiboengatik edo aurreikusten diren beste batzuengatik bide publikoetatik edo erabilera publikoko espazioetatik 23:00ak eta 06:00ak bitartean ibiltzeko aukera. Nolanahi ere, ordu tarte horretan bide publikoan egoteko motiboa edo kausa egiaztatzeko gai izan beharko da, hala egiteko eskatuz gero.

Egon daiteke jarduerarik ostalaritzako eta jatetxeko lokalen barruan, ezarritako orduetatik kanpo?
Bai. Baimenduta dago establezimenduaren barrualdean ostalaritzako langileek lokala prestatzeko lanak egiten jardutea, bai 23:00ak ondoren, bai 06:00ak baino lehen. 23:00etatik aurrera ezingo da etxera banatzeko zerbitzurik egin.

Joka daiteke zutik taberna batean dagoen makina batean?
Ez. Aulkian eserita egon beharko da.

% 50eko gehieneko edukierak gainditu dezake hoteletako gune komunei (jangela, kafetegia eta abar) aplikatzen zaien 30 pertsonaren kopurua?
Ez.

Segurtasun distantziak berak dira lokalaren barruan eta aire zabaleko terrazan?
Bai. Gutxienez 1,5 metroko distantzia gorde beharko da bezeroen artean edo bezero taldeen artean, eta une oro egon beharko dute eserita.

Har dezakete ostatu logela, etxe edo bungalow berean elkarren bizikide ez diren pertsona taldeek?
Taldekatze eta bilerak sei pertsonakoak izan daitezke, gehienez, bizikide izan ezean. Gogorarazten da mugikortasuna udalerriaren eta mugakideen artean baino ez dagoela baimenduta.

Joan daiteke ikastera bizitoki den udalerrian ez dagoen zentro batera? Nola justifikatu?
Egoera hori berariaz jaso da dekretuan: hezkuntza zentroetara joatea, haur hezkuntzako eskolak barne. Baliozkotzat eta nahikotzat jotzen den edozein dokumenturen bidez egiaztatu beharko da.

Joan daiteke semea edo alaba batzera, bizileku den udalerritik kanpo egiten den eskolaz kanpoko jarduera batera?
Bai, betiere behar bezala justifikatzen bada; dena den, ezingo da helmugako udalerrian umea batzeko behar baino denbora gehiago egon.

Supermerkatuek edo elikagaien dendek sal dezakete alkohola 20:00etatik aurrera? Eta 20:00ak ondoren ixten badute?
20:00ak eta 08:00ak artean ezingo da alkoholik saldu, taberna eta jatetxeetan kontsumitu ezean. Era berean, ezin da bide publikoan kontsumitu, ostalaritza zerbitzuei lotuta dauden terrazetan baino ez.

Joan daiteke bizitoki den udalerritik kanpo egiten den hileta, hil beila edo ehorzketa batera? Eta autonomia erkidegotik kanpora?
Ez, udalerrian bertan edo mugakideetan ez bada, eta honako atal honetan ezartzen diren neurriak bete beharko dira: hil beiletan, 30 pertsona bil daitezke aire zabalean, eta barruan, sei; ehorzketan edo errausketan ere 30 lagun aire zabalean, eta barruan, hamar; eta maskara beti erabili behar da.

Joan gaitezke Domu Santu egunean bizitoki den udalerritik kanpora dagoen hilerri batera? Eta autonomia erkidegotik kanpora?
Ez.

Irten daiteke ibiltzera edo perretxikotan taldean? Eta korrika egitera edo bizikletan ibiltzera?
Jarduera fisikoa egin ahalko da aire zabalean, bakarka edo kolektiboan, gehienez sei pertsonako taldeetan, udalerriaren edo udalerri mugakidearen barruan. Aire zabaleko kirol jardueraren eta jarduera fisikoaren artean bereizi behar da. Aire zabaleko jarduera fisikoak kalean edo ingurune naturalean paseatzea barne hartzen du.

Egin daiteke kirola taldean, espazio itxietan?
Ez, kirola bakarka baino ezin da egin. Gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak salbu; haietan, maskara erabili beharko da. Taldeko klaseetan, sei parte hartzaile egon ahalko dira, gehienez.

Entrena daiteke norbere taldearekin eta partidak jokatu?
Baimenduta daude lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean dauden taldeen kirol entrenamenduak eta lehiaketak. Profesionala edo erdi profesionala ez den federazio lehiaketa eten egingo da, bai eta eskola kiroleko lehiaketa ere. Baimenduta daude federatutako edo eskoletako taldeen kirol entrenamenduak, baina seiko taldeetan eta bakarka.

Joan daiteke beste udalerri batera partida bat jokatzera?
Lehiaketa profesionaletan edo erdi profesionaletan baino ez.

Zer ulertzen da kirolari erdi profesional esatean?
Egutegi ofizialeko Espainiako Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan eta Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak, guztiak kategoria absolutuan. Atal honetan kategoria absolutuko maila goreneko bertoko kirol lehiaketak sartzen dira.

Joan daiteke kirol jarduera bat egitera beste udalerri bateko kiroldegira?
Bai, baldin eta udalerri mugakidea bada.

Joan daiteke beste udalerri edo erkidego batzuetara ehizara edo arrantzara?
Ez. Bi jarduera horiek bizitoki den udalerrian edo mugakideetan baino ezingo dira egin.

Gaueko zer ordutara arte egongo da garraio publikoa?
Lurralde historiko barruko garraio publikoaren azken irteera 00:00etan izango da. Neurri horrek ez die eragiten taxiei eta ibilgailu gidaridunei.

Jan edo edan daiteke garraio publikoan?
Bidaia denbora bi ordutik beherakoa bada, ezin da jan, baina bai edan.

Badago okupazio mugarik garraioan?
Ez, garraio publiko eta pribatuetan ibilgailuak duen plaza adina pertsona joan ahalko da, betiere maskara jantzita.

Sarrera bat edukiz gero udalerritik kanpo egingo den kontzertu baterako, joan daiteke?
Emanaldia udalerri mugakidean baldin bada eta sarrerarekin behar bezala justifikatzen bada soilik.

Erre daiteke bide publikoan?
Bi metroko gutxieneko distantzia gordetzerik badago bakarrik.

Derrigorrezkoa da erabilera publikoko establezimendu eta lekuak aireztatzea?
Bai. Ahalik eta maizen aireztatu beharko dira, eta, gutxienez, egunean hiru aldiz

Baimenduta al dago adinduen egoitzetara joatea?
Bai, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, betiere zentroak berak baimendutako bisitak badira.

Baimenduta al dago espetxeetara joatea?
Bai, baina, horretarako, Espetxeetako Agintaritzak emandako baimen egokia beharko da. EAEtik kanpora mugitu ahalko da, baldin eta helmugako erkidegoak baimena ematen badu.

Baimenduta al dago ibilgailuen tailerretara eta kontzesionarioetara joatea?
Bai atzeratu ezin diren, derrigorrezkoak diren eta aurrez aurre egin behar diren kudeaketen kasuan.

Baimenduta al dago erlijio edo kultu zerbitzuetara joatea?
Bai, salbuespen gisa, bizitoki dugun udalerrian halakorik ez bada eta, betiere, hurbilen dagoen lekura.

Baimenduta dago baratzeetan lan egiteko mugitzea?
Bai, bizitoki dugun udalerrian eta mugakideetan dauden baratzeetan.

Baimenduta al dago arrazoi sindikalengatik, alderdi politikoen, enpresa elkarteen eta antzekoen jarduerengatik lekualdatzea?
Bai. Erakunde jardueratzat jotzen baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.