Komunikazioa

Eusko Legebiltzarrak Andoni Aldekoa izendatu du EITBko zuzendari nagusi

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin izendatu dute. Aurka bozkatu dute gainontzeko talde politikoek.

EAJko eta PSEko legebiltzarkideak. RAUL BOGAJO / FOKU
urtzi urkizu
2020ko urriaren 29a
10:26
Entzun

Maite Iturbek zazpi urtez bete du EITBko zuzendari nagusiaren kargua, eta bere kabuz adierazi zion Eusko Jaurlaritzari betebehar hori uzteko asmoa. Horren ondotik, EAJk eta PSE-EEk adostu zuten Andoni Aldekoa proposatzea postu horretarako. Izendapen prozeduraren aurka egin zuen EH Bilduk, eta zuzendaria lehiaketa publiko bidez izendatzeko eskatu. Proposamena hori ez zen eztabaidatu ere egin. Hartara, gaur goizean izendatu du Eusko Legebiltzarrak Aldekoa EITBko zuzendari nagusi, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; kontra bozkatu dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, PP-Ciudadanosek eta Voxek.

ETBko erredakzio kontseiluak ohar batean salatu du Aldekoak «ez duela euskara menperatzen».

Legebiltzarrean talde politikoek hitza hartu dutenean, soilik EH Bilduko Jasone Agirrek jarri du mahai gainean ea Aldekoak euskaraz ondo egiten duen ala ez. «Inkognita bat da haren euskara maila. Argi dago euskaltzalea ez dela: Twitterren, azkeneko urtean, eskerrik asko eta ongi etorri hitzak baino ez ditu egin euskaraz".

Agirrek, era berean, nabarmendu du Aldekoak ez duela goi mailako titulaziorik. EH Bilduko ordezkariak esan duenez, Aldekoa izan da Eusko Legebiltzarrean kontrako boto gehien jaso duen EITBko zuzendari nagusia. Zera galdetu du Agirrek: «Zer beldur dago EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publikoz aukeratzeko?»

Joseba Diez EAJko legebiltzarkideak, berriz, oposizioko taldeei esan die «akats estrategikoa» dela Aldekoa kritikatzea, izendatua izan aurretik. «Ez duzue haren kudeaketa ikusi», Aldekoaren ibilbidea defendatu du ordezkari jeltzaleak: «Ibilbide arrakastatsua erakutsi du komunikazioaren munduan. Eskarmentua du sozietate publikoen kudeaketan. Ziur gaude ondo egingo duela». PSE-EEko legebiltzarkide Miren Gallastegik, aldi berean, nabarmendu du Aldekoak ondo ezagutzen duela komunikazioaren sektorea. «Bere ibilbidean, izaera irekia eta elkarrizketaren aldekoa erakutsi du», gaineratu du Gallastegik.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide David Sotok salatu du «alderdikoikeria» dagoela EITBn. «Taldeko langileek inkesta batean ere salatu zuten hori». Bestalde, azaldu du ez dakitela ezer Aldekoaren proiektu estrategikoaren inguruan. «Izendapenaren prozeduraren aurka gaude».

PP-Ciudadanos taldeko Luis Ignacio Gordillok, era berean, salatu du prentsaren bidez jakin dutela EAJk eta PSE-EEk zer pertsona aukeratu duten posturako. EH Bilduk egin duen moduan, lehiaketa publikoa defendatu du PP-CIudadanosek EITBko zuzendari nagusia aukeratzeko. «Beste EITB bat posible da: denontzat izango den EITB bat, eta pluralismoa defendatuko duena».

Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezen iritziz, «lotsagarria» da EITBn dagoen«kontrol politikoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.