Albistea entzun

Arkeologia

Euskal Herriko historiaurreko txakur bat aztertu dute nazioarteko ikerketa batean

Ondorioztatu dutenez, Izotz Arorako bazeuden hainbat txakur mota. EHUko ikertzaile batek hartu du parte lanean.

Aritza Villaluenga ikertzailea, aztarna batzuekin.
Aritza Villaluenga ikertzailea, aztarna batzuekin. EHU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2020ko urriak 29

Ardi txakur alemana, chihuahua, huskya... Gezurra badirudi ere, horiek guztiak otsoetatik datoz, eta gizakiok eginiko aukeraketa genetikoaren ondorioa dira. Baina noiztik daude txakur mota ezberdinak? Nazioarteko ikerketa batek txakurren DNA aztertu du erantzunaren bila. Besteak beste Euskal Herriko historiaurreko txakur bat aztertu dute, EHUko Aritza Villaluenga ikertzailearen eskutik.

Origins and Genetic legacy of Prehistoric dogs (Historiaurreko txakurren jatorria eta ondare genetikoa) ikerketaren emaitzak argitaratu berri ditu Science aldizkariak. Hamar herrialde baino gehiagotako arkeologo batzuk aritu dira txakurren DNAren azterketa globalean; besteak beste, Oxfordeko Unibertsitatekoak. Ondorioztatu dutenez, bazeuden zenbait txakur mota  Izotz Aroan, duela 11.000 urte baino gehiago.

Denera, historiaurreko 27 txakurren DNA aztertu dute ikertzaileek, Europako, Ekialde Hurbileko eta Siberiako aztarnategietako hezurretatik ateratako laginetatik, eta horien DNA sekuentziatu dute. Gizakiak, orduan, ehiztari biltzaile nomadak ziren, eta oraindik ez zituzten abereak hazten. Haatik, gizakiek beste animaliarik etxekotu baino lehen, jatorri genetiko ezberdineko gutxienez bost txakur mota bazeudela frogatu dute ikertzaileek.

«Gaur kalean dabiltzan txakurren artean ikusten diren aldaeretako batzuk Izotz Aroan sortu ziren. Garai haren bukaeran, txakurrak jada oso zabalduta zeuden Ipar Hemisferio osoan», adierazi du Pontus Skoglund genetistak. Ikerketan parte hartu du, DNA aztertzen.

Historiaurreko txakur horiek zabaldu egin ziren Eurasian, eta hortik garatu ziren gaurko txakur motak. Baina bidean gertatu ziren istripuak. Duela 4.000-5.000 urte baino lehen, Europan txakur mota asko zeuden, eta bi taldetan banatuta zeuden: batzuk Ekialde Hurbileko txakurrekin lotuta zeuden, eta besteak, Siberiakoekin. Baina Europako historiaren une batean, aniztasun hori galdu egin zen. «Gaur egun ikusten ditugun Europako txakurrek formaren aldetik izugarrizko barietatea duten arren, genetikoki existitu ohi zen dibertsitateko azpitalde oso estu batetik datoz», esan du Anders Bergstrom ikertzaileak. Ez dakite zergatik gertatu zen ordezkapen hura.

Urnietako txakurra

Villaluenga EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslea da eta ikertzailea Arabako Campusean. «Ikerketan sartu nintzen 2013 eta 2016 bitartean, Alemanian lanean ari nintzela; hango ikerlariek gai hau proposatu zidaten», azaldu dio BERRIAri.

Gipuzkoako aztarnategietan aurkitutako 32 txakur identifikatu ditu ikerketarako. Ondorioztatu duenez, horietako bakarra zen txakurra (Canis familiaris). Gainerakoak otsoak (Canis lupus) edo kuoiak (Cuon alpinus) ziren. Kuoiak gaur Asian bakarrik bizi dira, eta koiote modukoak dira.

Ikerketan sartu den Euskal Herriko txakur horren aztarnak Urnietan (Gipuzkoa) topatu zituzten, Marizulo harpean. Jose Migel Barandiaranek 1962 eta 1967 bitartean induskatu zuen kobazulo hori, eta gizon gazte baten eta hiru hilabeteko arkume baten hezurduraren ondoan topatu zuten, kaskezurrik gabe. Karbono-14 probaren arabera, duela 6.200 urte inguru bizi izan zen animalia hura. Ikertzaileak azaldu zuenez, Marizuloko txakurra «tamaina ertainekoa» zen, 15-20 kg artekoa.

Etxekoturiko animalia baten ondoan topatu izanak erakusten du txakur hura neolitikoa zela, hau da, paleolitoko txakur galduak ordezkatu zituen horietakoa. «Aurreko txakurrak galdu ziren, Europara ailegatzen zen giza talde berri bakoitzak bere animaliak zekartzalako».


Barandiaran eta lagunek Marizulon topaturiko aztarnen marrazkia. ARANZADI

Baina Marizuloko txakur mota horiek ere antzeko patua eduki zuten: Brontze Aroko txakurrek ordezkatu zituzten. Azken horiek dira gaurko Europako txakurren arbasoak; besteak beste, Euskal Herriko ardi txakurrarena.

Villaluengak azaldu duenez, ikerketa honetan aztertu da txakurren jatorria lehenengo aldiz, lehenengo aldiz eskala globalean.

Hein batean txakurren historiak gizakiena azaltzen lagun dezake, eta alderantziz. «Antzinako DNAk gure arbasoak aztertzeko orduan iraultza ekarri duen bezala, orain txakurrekin eta etxeko beste animalia batzuekin gauza bera egiten hasi da. Gure lagun animalien azterketak beste geruza bat eransten dio giza historiaren inguruko gure ulermenari», esan du Vienako Unibertsitateko ikertzaile Ron Pinhasik.

Txakurren ibilbidea argitzen hasi bada ere, galdera nagusiak erantzunik gabe jarraitzen dute: non eta zergatik etxekotu ziren lehen aldiz txakurrak?

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

IIIñigo Urrutia, Idurre Eskisabel eta Miren Dobaran, solasaldia hasi aurretik. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

HIZKUNTZA IRIZPIDEEN LANTEGIAN

Arantxa Iraola

Justiziak epai kezkagarriak eman ditu euskararen jakintza ziurtatzeko hizkuntza eskakizunei buruz; Iñigo Urrutiak, Miren Dobaranek eta Idurre Eskisabelek gaiaren inguruan gogoetatu dute solasaldi batean, epai horien ondorioez, eta funtzio publikoa euskalduntzeko landu beharreko ildoez.
Bortxa matxistaren kontrako protesta, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Gizon batek urruntze agindua urratu eta familiari eraso egin dio

Arantxa Iraola

Emazte ohiarengana ez hurbiltzeko agindua zuen gizonak. Alaba bati labanaz eraso dio, eta beste bi seme-alabek ihes egitea lortu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.