Urkulluk «terroristatzat» jo ditu atzo Bilbon gertatutako istiluak

Bart gauean berrehun bat lagun elkartu dira Indautxun, segurtasun neurriei muzin eginez, eta hogei edukiontzi baino gehiago erre dituzte ertzainekin izandako istuluetan. Sare sozialetan zabaldu dute deialdia, eta Ertzaintza ikertzen ari da deitzailea zein den.

Protestariek hainbat edukiontzi erre dituzte Bilboko erdigunean. MIGUEL TOñA / EFE
2020ko urriaren 30a
08:33
Entzun

Koronabirusari aurre egiteko asmoz hartutako neurri murritzaileen kontra protesta egiteko elkartu dira dozenaka herritar bart Bilbon. Ertzaintzak ez zuen deialdiaren berri, eta istiluak izan dira. Protestariek hogei edukiontzi inguru erre dituzte, eta Ertzaintzak sei lagun atxilotu ditu. Datozen orduetan igaroko dira epailearen aurretik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, autoritateari eraso egitea eta segurtasun neurriak ez betetzea leporatzen diete. Beste hiru pertsonari ere egotzi dizkiete kargu horiek, nahiz eta ez dituzten atxilotu.

Gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak arbuiatu egin ditu Bilbon izandako istiluak, eta esan du istilu horiek ekintza «terroristak» izan direla: «Terrorismoa da. Erabat gaitzesten ditut atzoko gertaerak. Terrorismoa ere bada herritarren ongizateari eta osasunari eraso egitea». Lehendakariak gogoeta hori egin du Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, PP+C’s taldeko Carlos Iturgaitzek egindako galdera bati erantzunez. Terrorismoaren Biktimen Legeari buruz galdetu dio Iturgaitzek lehendakariari, eta hari erantzun dioenean aipatu ditu Bilboko istiluak Urkulluk.

«Errepresioaren» aurka

Atzo Bilbon izandako protesta 21:30ean hasi zen, Indautxu plazan. Han elkartu zirenek Askatasuna eta Arnasa hartu nahi dugu leloak oihukatu zituzten, eta «errepresioaren» eta etxeratze aginduaren aurkako pankartak erakutsi. Sare sozialetan zabaldu zuten deialdia, eta Ertzaintzak ez daki nork antolatu duen. Ikerketa abian dela adierazi du Josu Bujanda ertzainburuak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Lekukoen esanetan, 200 edo 300 pertsonak hartu zuten parte protestan, Europa Press berri agentziak jaso duenez. Iturri horien arabera, ez zuten maskararik erabili, eta objektuak jaurti zizkieten ertzainei, haiek identifikatzera joan zirenean. Ondoren, istiluek Kale Nagusian eta Ertzilla eta Henao kaleetan jarraitu zuten.

Ertzaintza «profila» aztertzen ari da

Istiluen inguruan galdetu diote gaur Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari, eta esan du bertan parte hartu dutenen «profila» aztertzen ari dela Ertzaintza, protestan ibilitako batzuek antzeko gertakariengatik «aurrekariak» dituztelako. Isitiluengatik atxilotutako sei lagunei desordena publikoak egotzi dizkietela jakinarazi du, halaber.

Erkorekak gaineratu du protestan parte hartu zutenen soslai ez dela «homogeneoa», eta baztertu egin du inolako «talde politikorekin» lotura zuzenik izatea. Dena dela, azpimarratu du protestaren bideo batzuk berehala agertu zirela sare sozialetan, eta horiek ez direla ezker abertzaleari lotutako profilak. Ertzaintzak parte hartzaileak ikertu eta mobilizazioaren «zentzua» aztertu behar duela nabarmendu du. Erkorekarentzat «guztiz arduragabeak» dira halako gertaerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.