Zergak

Zordun handi gutxiago daude, baina zor handiagoa dute

Eraikuntzan huts egindako proiektuen bultzatzaileak dira zordun handienak, Lagilur (80 milioi) eta Iurbenor (52 milioi) buru dituztela.

Jabyer Fernandez enpresaburua, Iurbenor taldeko jabea, artxiboko irudian. MIGUEL TOñA / EFE
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 30a
16:05
Entzun

Ohi baino hiru hilabete beranduago iritsi da aurten zordun handien zerrenda, koronabirusaren ondorioz beranduago argitaratzea erabaki baitzuten Bizkaiko eta Arabako aldundiek. Ez, ordea, Gipuzkoak, legeak finkatzen duen epean argitaratu baitzuen, ekainaren 30 baino lehen.

Hiru aldundien ogasunei milioi bat euro baino gehiago zor dieten enpresak eta norbanakoak agertzen dira zerrenda horretan. Kasu honetan, 2019ko abenduaren 31n zor hori zutenak dira. 250 izen ageri dira zerrenda horretan (2018an baino hemezortzi gehiago), eta 850 milioi zor dizkiete ogasunei (48 milioi euro gehiago).

Zordun handienetan handiena berria da zerrenda horretan, Lagilur SL izenekoa. 2015. urtean likidatutako enpresa bat da, eta aurretik Yeregui Desarrollo SL izena zuen. Gipuzkoa Donostia Kutxak Yeregui taldearekin Espainia hegoaldean bultzatutako proiektu turistiko bati lotutako zorra da. 5.000 etxebizitza turistiko eta golf zelaiak egiteko asmoa zuten, eta lurra ere erosi zuten, baina lur horretan eraikitzeko baimenik ez zuten lortu, eta operazioak huts egin zuen.

Iurbenor, Moldis...

Aurrera egin ez zuten hainbat etxegintza proiektutan aritu zen Iurbenor enpresa ere, Jabyer Fernandez enpresaburu bizkaitarrarena. 52 milioi euro zor zizkion 2018ko abenduan Bizkaiko ogasunari, eta zor hori bera zuen 2019 amaitutakoan ere.

Eraikuntzako enpresa eroriak dira zerrendako aurreneko postuetan dauden beste batzuk ere: 20,4 milioi zor ditu Moldis Echarrok, hamazazpi Abaroak eta Goya Sesenta Y Nuevek, 11 Urko Urbasak... Eraikuntza sektorekoak dira norbanakoen artean zor handia dutenak ere: 31,4 milioi zor dituzte Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde anaiek.

Zerrendan urtebete baizik ez du egin Bilbao Basket saskibaloi taldeak. 2018 amaieran 3,4 milioi euro zor zituen, baina horren zati handi bat kitatu du jadanik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.