Zordun handien zorra %5 apaldu da, Arabari eta Gipuzkoari esker

2018an, 268 zordun handi zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. 823 milioi euroren zorra pilatu dute. Osinalde anaiek zorrak murriztu dituzte, bakoitzak hemezortzi milioi kitatuta

Irune Lasa.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Zergetan eta zigorretan milioi bat eurotik gora zor duten zergapekoen zerrendak berritu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Zordun handien zor pilatua apaldu egin da joan den urtean, 868 milioi eurotik 823 milioira —45 milioi gutxiago—, 2017an zorrak izandako %20ko igoera ikusgarriaren ostean. Behera egin du zordunen kopuruak: 268 dira orain, joan den urtean baino bi gutxiago. Horietatik hamabost pertsona fisikoak dira, eta gainerako 253ak, pertsona juridikoak: enpresak.

Arabako eta Gipuzkoako datuengatik apaldu da kopuru orokor hori. Araban, 37 izen daude orain zordun handien zerrendan, bost zergapeko irten eta beste izen berririk ez baita sartu. Zordun handiek Araban pilatutako zorra aurreko ekitaldian baino 3,6 milioi txikiagoa izan da.

Gipuzkoan, zordun handiak 66 dira, hiru gutxiago. Hiru izen sartu dira zerrendan, 4,4 milioi euroren zorrarekin, eta sei irten, 14,5 milioi euro zor zituztenak. Guztiek pilatutako zorra 2017koa baino 54,1 milioi txikiagoa da, 237,9 milioi eurokoa. Izan ere, pisu handiko zordun zenbaitek zorrak murriztu dituzte.

Hain zuzen, Gipuzkoako Ogasunari diru gehien zor diotenak Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz anaiak dira oraindik ere. Dena den, bakoitzak 49,6 milioi euroko zorra zuen lehen, eta 31,5 milioi eurokoa dute orain: alegia, anaia bakoitzak hemezortzi milioi euro pagatu dizkio Ogasunari, eta puska ederra kendu diote milioi batetik gorako zordunek pilatutako zorraren zenbatekoari. Osinalde anaien bi zor horien iturburuan ogasunak atzemandako iruzur fiskala dago. Baita Gipuzkoako hirugarren zordun handienaren kasuan ere: LH Commodities & Investments. Hark oraindik ere 23 milioi euro pagatu behar dizkio Gipuzkoako Aldundiari.

Bilbao Basket

Bizkaian, berriz, handitu egin da zordun handien zerrenda, sei izen gehiago baitaude orain —sei zergadun atera dira zerrendatik, eta hamabi sartu—. Eta handitu egin da haiek pilatutako zorraren zenbatekoa ere, 453 milioi eurorena baitzen lehen, eta 466 milioi eurorena orain. Bizkaiko zordun handien zerrendan agertutako izen berrien artean, aipatzekoa da Bilbao Basket saskibaloi taldea: 3,4 milioi euroko zorra du.

Zordunetan lehena Jabyer Fernandez enpresaburuaren Iurbernorrek jarraitzen du izaten, 52,2 milioi zor baitizkio Bizkaiko Ogasunari. Jabe beraren beste bi enpresen zorrak ere jasotzen dituBizkaiko zerrendak: Residere (lau milioi) eta Fonorte (hiru milioi).

Higiezinen burbuilarekin hondoa jotako enpresa gehiago ere agertzen dira zor handienen sailkapeneko lehen postuetan: Andres Iraculisen Urco Urbasa (11,1 milioi) eta Lendiz (4,8 milioi), Araban; eta Moldis Echarro (hogei milioi), Abaroa (16,7 milioi) eta Baensa (11,2 milioi), Bizkaian. Kiebra jo eta deseginda daude konpainia horietako batzuk, eta zorra berreskuratzea zaila izango dute ogasunek.

Industria alorreko zordunen likidazioetatik agian errazago izango da zatiren bat berreskuratzea. Hori gertatu da, adibidez, Fagor Etxetresnekin, zorra erdira murriztu baitu: aurreko ekitaldian hamasei milioi euro zor zituen, eta haien erdiak pagatu dizkio Gipuzkoako Ogasunari. 8,1 milioi zor ditu orain. Ez da horrelakorik gertatu, ordea, Edesarekin, oraindik hamar milioi zor baitizkio Bizkaiko Ogasunari.

Hiru ogasunek plazaratutako zerrendetan milioi bat eurotik gorako zordunak agertzen dira, baina ez borondatezko epean egindako eta atzeratutako, zatikatutako eta bertan behera utzitako ordainketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.