Egeo itsasoa

Gutxienez lau hildako utzi ditu lurrikara batek Turkian

Richter eskalako 6,6 eta 6,8 arteko indarra izan du mugimenduak. Egeo itsasoan egon da epizentroa, Greziako Samos irlatik gertu.

Lurrikarak eragindako kalteak, Esmirnan. MEHMET EMIN MENGUARSLAN / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko urriaren 30a
16:34
Entzun

Euskal Herrian 13:51 zirela gertatu da ezbeharra. Richter eskalako 6,6 graduko lurrikara batek Greziako Samos irla mugiarazi du, Greziako Geodinamika Institutuaren arabera. Sismoa Grezia kontinentalean eta Turkian ere sumatu da. Bigarren herrialde horretan, 6,8 graduko indarrarekin sumatu da, gainera. Kalteak ere larriagoak izan dira. Hogei eraikin inguru bota ditu Esmirnan, Turkiako mendebaldeko kostaldean. Gutxienez lau lagun hil dira han, eta beste 120 inguru zauritu, Turkiako Gobernuaren arabera.

Lurrikarak Egeo itsasoan izan du epizentroa, Esmirnatik hamazazpi kilometro ingurura eta hamar kilometroko sakoneran —16,5 Turkiako Larrialdi eta Hondamendietarako Erakundearen arabera—. 30 segundo luze iraun du. Atenasen ere sentitu da, epizentrotik 300 kilometrora. Gainera, beste 33 erreplika ere izan dira, horietatik hamahiru 4 gradutik gorakoak.

Samos irlan kalte materialak izan dira nagusi, baina ez dute biktimen berri eman. Halere, tsunami abisua bidali dute uharteetara, eta Egeo Iparraldeko gobernuak itsasotik gertu dauden errepideetatik ez bidaiatzeko eskatu du.

Okerragoa izan da Turkiako kostaldean izan duen eragina. Esmirnan eginiko kalteez gain, inguruko Usak, Deizli, Manisa, Balikesir, Aydin eta Mugla probintzietan ere arrastoa utzi du. Bayraki hirian, hiru lagun erreskatatu dituzte eroritako eraikin baten artetik, Fahrettin Koca Osasun ministroaren esanetan. Esmirnan ere jendea eraikinen azpian harrapatuta dagoela baieztatu du Murat Kurum Ingurumen eta Hirigintza ministroak. 

Kostaldeko hainbat hiri ere ebakuatu egin dituzte, tsunami arriskuagatik. Urak Seferihisar hiria hartu du, bat-batean metro bat gora egin baitu. Halere, ez da olatu handirik iritsi kontinentera, eta kalte materialak bakarrik eragin ditu. Recep Tayyip Erdogan presidenteak babesa adierazi die biktimei, eta nabarmendu «erakunde guztiak» mobilizatu dituztela.

Turkia mugimendu sismiko handiko eremuan dago, Anatolia eta Eurasia plaka tektonikoak elkartzen diren lekuan. Ohikoak dira lurrikarak eremu hartan. Besteak beste, herrialdeko ipar-mendebaldean dagoen Golcuk herria epizentro izan zuen 7,7 graduko lurrikarak 17.000 heriotza eragin zituen 1999an. Inguruan gertatutako azken lurrikara handia, berriz, urtarrilean izan zen, Turkiaren menpeko Kurdistanen, zehazki Malatya eta Elazig probintzietan. 41 lagun hil ziren, eta 1.600 inguru zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.