Nafarroako kultur sektoreko enpresen fakturazioa %67 murriztu zen konfinamenduan

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu ditu konfinamenduak kulturan izan duen eraginari buruzko bi txosten, kontsumoari eta lan arloari lotutakoak.

Ignacio Apezteguia, Maria Camino Barcenilla, Javier Espinosa eta Nekane Basterretxea, gaur, Nafarroako Museoan, ikerketen aurkezpenean. NAFARROAKO GOBERNUA
Ane Eslava.
2020ko urriaren 30a
17:38
Entzun

Nafarroako etxe gehienetan ohi baino gehiago jo zuten kulturara itxialdi garaian: herritarren %74k kultura ohiturak areagotu zituzten, bereziki 30 urtetik beherakoek. Baina, halaber, aldi horretan, sektoreko enpresek %67 jaitsi zuten fakturazioa, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Kultura Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu dituen bi ikerketen datuetako batzuk dira horiek. Itxialdian izandako kultura joeren inguruko inkestaren azken ondorioak eman ditu aditzera, batetik, eta kulturaren inpaktuaren jarraipen dispositiboaren datu eguneratuak, bestetik.

Ignacio Apeztegia Kulturako zuzendari nagusiak azpimarratu du halako lanak «funtsezkoak» direla erabakiak hartzeko orduan: «Datuek analisiak egitera eramaten gaituztelako, eta analisiek, erabakiak hartzera». Inkestak ekainaren 11tik 23ra bitarte egin zituzten, telefono bidezko elkarrizketekin, Nafarroa osoko 1.064 etxetan, 2.687 pertsonarekin. Humano eta Ikerpartners enpresekin gauzatu dute ikerketa.
 
Kultur ohiturei buruzko galdeketetatik ateratakoen artean aipatzekoa da inkestari erantzun dioten etxe gehienetako bizikideek jo zutela kulturara ohi baino gehiago itxialdiaren hilabeteetan, eta soilik %1ek ohi baino gutxiago. Askok, etxeen %58,7k, «nahiko garrantzitsutzat» jo dute kultura «familiaren ongizaterako», eta etxeen %11,4k bakarrik adierazi dute «garrantzi gutxikoa edo garrantzirik gabekoa» dela.

Pertsonen adinari erreparatuta, aldeak ageri dira: adin txikiagokoek gehiago jotzen dute kulturara; zehazki 30 urtetik beherakoen %89,5ek esan dute kultura kontsumitu zutela itxialdian, eta 65etik gorakoen %60,4k. Inkestaren arabera, gehien egin zena pelikulak eta telesailak ikustea izan zen; bigarren ohitura zabalduena komikiak irakurtzea izan zen, eta hirugarrena, berriz, musika entzutea. Bestetik, etxeen %12tan bakarrik egon zen itxialdian praktika artistikoren bat garatu zuen kideren bat.

Enplegua, behera

Pandemiak sektorean izan duen eragina aztertzeko, Nafarroako Kulturaren Behatokiak dispositibo dinamiko bat eratu du, zabalik jarraitzen duena, eta urteko bigarren hiruhilekoko datuen berri eman du.

Nekane Basterretxea Ikerpartners enpresako ikerlariak nabarmendu du enpresa txikiek eta langile autonomoek pisu nabarmena dutela sektorean, eta baita aldi baterako kontratuek eta behin-behinekotasunak ere. «Eta, beraz, prekaritateak».

Ikerketatik ateratako datu esanguratsuenen artean aipatzekoa da martxotik maiatzera bitartean sektoreko enpresen fakturazioak bi heren egin zuela behera, iazko sasoi berarekin alderatuta. Halaber, Gizarte Segurantzako kotizazio kontuak martxoan %4 jaitsi ziren, eta maiatzean, berriz, %24,4. «Kotizazio kontua beharrezkoa da enpresentzat, langileak kontratatzeko; beraz, adierazle horrek aukera ematen du enplegatuak dituzten enpresen kopurura hurbiltzeko, nahiz eta ez dituen barne hartzen enplegurik gabeko enpresak edo autonomoak», zehaztu du ikerlariak.

Bestalde, maiatzaren amaieran, 779 pertsona zeuden aldi baterako enplegu erregulazioetan, gehienak (%80) lana aldi baterako eteteagatik, eta gainontzekoak lanaldia murrizteagatik. Ekainetik aurrera, afiliazioan gorakada txiki bat izaten ari da, baina enplegu erregulazio espedienteetara atxikitako enpresen kopurua ez da ia murriztu. Inkestaren arabera, sektoreko langileen ia herenak daude egoera horretan.

Sektorean ekainetik aurrera suspertzeko itxaropena antzeman zutela azaldu du Basterretxeak: «Bazirudien jarduera berreskuratuko zela itxialdi gogorrena amaitzean». Baina aipatzekoa da inkestak birusaren bigarren olatua baino lehen egin zituztela. «Horregatik, garrantzitsua da informazioa eguneratzen jarraitzea, inpaktuaren ahalik eta argazki errealena izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.