Hileta zerbitzuak

Hildakoak lurperatzea %80 garestitu da Bilbon azken urteotan, salatu dutenez

OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak salatu du Bilbon hildakoak lurperatzeko zerbitzuak «gehiegi garestitu» direla azken hilabeteotan, eta hileten industriaren gardentasun falta nabarmendu du.

Hilkutxa erakusketa, ehorztetxe batean. IñIGO URIZ / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 30a
18:00
Entzun

Kontsumitzaileen elkarteak salatutakoaren arabera, Bilbon hildako bat lurperatzeko modurik merkeena 405 eurokoa izateraino garestitu da dagoeneko: horma hilobi batean, eta bost urtez. Hau da, 2017. urtetik %80 garestitu dela. Gainera, errausketa zerbitzuak 545 euro kostatzen du gaur, orduan baino %41 gehiago. Halere, elkarteak onartu du Bilboko zerbitzua batez beste baino merkeagoa zela orduan.

Orduko eta gaurko prezioen konparazioa Bilborekin egin du elkarteak, baina baliteke igoera antzekoa edo handiagoa izatea Hego Euskal Herriko beste hiriburuetan. Izan ere, OCUren datuen arabera, Bilbon 405 euro kostatzen duen zerbitzu berak 678 euro balio du Donostian, eta 472 Iruñean.

Elkarteak adierazi duenez, heriotza aseguruek ez dute merezi, horiek hileta baino «askoz gehiago» kostatzen ohi dutelako. Haatik, elkartearen aholkuari jarraikiz, hobe da diru hori gordetzea aurrezki kontu batean, esaterako, eta, behar denean, ehorztetxea norberak kontratatzea hiletaz arduratzeko; azken batean, aseguru etxeek horixe bera egiten dutelako.

Hileta zerbitzuen «gardentasun falta»

Edonola ere, ehorztetxeen «alorraren gardentasun falta» salatu du elkarteak. Duela urte batzuk kalkulatu zutenez, hileta merke bat 3.500 bat euro kosta zezakeen, batez beste. Baina elkarteak ohartarazi du ez dela batere erraza datua lortzea, ehorztetxeek ez dutelako informazio argirik ematen. COVID-19ren izurriak eragindako konfinamenduan hainbat ehorztetxeren webguneak aztertu zituen elkarteak, eta ohartu zen gehienek ez zutela azaltzen zeintzuk ziren zerbitzu bakoitzaren salneurriak. Bilbon, hiru ehorztetxe aztertu zituen, eta bat berak ere ez zuen salneurri taularik jendaurrean. «Ez dute salneurri zerrendarik, eta ez dituzte aurrekontu zehazturik ematen, behar lukeen bezala batez ere halako dirutzak ordaindu behar direnean».

Beraz, hiltzeak 3.500 euro inguruko kostua du, elkarteak eginiko batez besteko kalkuluaren arabera. Garestiena hilkutxa da (600-2.600 euro artean). Loreek 100 euro baino gehiago balio dute. Beilatokia 24 orduz alokatzeak, 500 bat euro, eta lurperatzeak edo errausteak, 400-700 euro artean, lehen azaldu bezala. Hilarria, gainera, aparte ordaintzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.