Koronabirusaren aurkako txertoa martxo erdialderako egon daitekeela adierazi du Astra Zenecak

Datorren urteko lehen hiruhilekorako 3.000 milioi dosi izango dituztela azaldu du enpresa farmazeutikoak. Txertoa bi dositan ematea aurreikusi dute.

AstraZenecaren Argentinako laborategi bat. JUAN IGNACIO RONCORONI/EFE
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 2a
17:36
Entzun

2021eko lehen hiruhilekorako egon daitekeela erabilgarri koronabirusaren aurkako txertoa; horixe azaldu du Astra Zeneca farmazia enpresako Ikerketa eta Onkologiaren Garapeneko zuzendari Josep Baselgak. Martxorako 3.000 milioi dosi izatea espero du enpresak, eta ordutik aurrera ekitea banaketari. Txertoa bi dositan ematea aurreikusten dutela azaldu du; 28 eguneko tartearekin jarriko dituzte.

Txertoa datorren urterako espero bada ere, aurtengo urte amaierarako Astra Zenecak eta txertoak ikertzen ari diren beste zenbait enpresak emaitzak izatea espero dutela adierazi du Baselgak RAC1 Kataluniako irratian egindako adierazpenetan. Gehitu du txertoa ez dela «irtenbide bakarra», eta iragarri du enpresa «antigorputz monoklonaletan» oinarritutako tratamendu bat garatzen ari dela. Birusa pasatu dutenen antigorputzak erabiliko dituztela adierazi du. Dena den, Baselgak adierazi du txertoa jartzeak ez duela derrigorrezkoa izan behar, «norbanakoaren askatasuna» defendatu behar dela.

Gaur egun, koronabirusaren aurkako 175 txerto ikertzen ari dira munduan, Baselgak azaldutakoaren arabera: horietatik 35 daude gaixoekin entsegu klinikoen fasean, eta hamar, berriz, egiaztapeneko azken fasean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.