Mahai tekniko bat osatu du Nafarroako Gobernuak ostalaritzarekin

Mahai teknikoan sektorearekin aztertuko dute bilakaera epidemiologikoaren arabera egoera leuntzeko zer neurri hartu 

Iruñeko Gazteluko plaza, terrazak hutsik eta jasota, urriaren 22an. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko azaroaren 3a
13:39
Entzun

Beste bi astez egongo da itxita Nafarroa, eta beste bi astez pertsianak jaitsita izango ditu ostalaritzak. Taberna eta jatetxeen itxierari aurre egiteko, Nafarroako Gobernuak 10 milioi euroko laguntza iragarri zuen Nafarroako Gobernuak, eta, gaur, Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak adierazi du neurri gehiago hartzea aztertzen ari direla. 

Eguerdian bildu da Aierdi sektoreko ordezkariekin. Bileraren ostean, gobernuak jakinarazi du beste hamabost egunez luzatuko dutela erkidegoaren itxiera eta iragan urriaren 22an indarrean sartu ziren neurriak. Dena den, elikagaiak etxera eramateko zerbitzua malgutu egingo da gauean, eta 22:30era arte luzatzeko aukera izango da.

«Kolpe gogorra»

Ana Beriain Nafarroako Ostalaritza Elkarteko presidenteak ontzat jo du mahai teknikoa osatzea, baina onartu du itxiera beste bi astez luzatzea «kolpe gogorra» dela. Beriainen ustez, albiste on bakarra da mahai hori egotea, sektoreak «lehen eskuko informazioa» jasoko duelako noiz ireki dezaketen eta zer baldintzatan. Espero du bi asteok gehiago ez luzatzea: «Elkarrizketa garrantzitsua da gauzak ondo egin ahal izateko». 

Ostalaritzako ordezkariaren ustez, sektoreak kontrol neurriak hartzen ditu eta ez da agerraldirik ostalaritzan, baina onartu du kaleko mugikortasun handiago sustatu dezakeela. «Ea datozen hamalau egunetan datuak hobetzen diren». Beriaini galdetu diote ea etxean konfinamendua ezartzeko arriskua dagoen: «Hamalau egun barru, bi jokaleku egongo dira: batetik, pixkanaka irekitzea, eta ez dago baztertuta aukera hori; edo, bestetik, etxeko konfinamendua, eta, hala balitz, ikusi beharko genuke zer egin sektoreak euts diezaion ireki arte. Gobernuak esan digu egoera aztertzen ari direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.