Nafarroako ikastetxeetan euskara erdigunean jartzeko neurriak proposatu dituzte, atzeraldiaz kezkatuta

Egoerak aurretik kezkatzen bazituen ere, pandemiak ikasleen hizkuntzaren normalizazioari eragin diola gogoratu dute hainbat eragilek.

Ikasturte hasiera Burlatako ikastetxe batean. IDOIA ZABALETA/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 3a
13:53
Entzun

Pandemiak Nafarroako ikasleen artean sortu duen hizkuntza arrakalari aurre egiteko neurriak aurkeztu dituzte Ikama, Kontseilua, Sortzen eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Hizkuntza errefortzuak indartzea, ikasle ratioak jaistea eta egokitzea, eta hezkuntza formaletik kanpo ere euskarazko edukiak eskaintzea proposatu dute, besteak beste.

COVID-19ak euskararengan kaltea eragin duela adierazi dute sei eragileek. Konfinamendu garaian beste zenbaitek salatu bezala, itxialdiak euskararen erabilerari eta ezagutzari eragin kaltegarriak ekarri dizkiola azaldu dute: «Itxialdiaren hasieratik behin baino gehiagotan esan dugu milaka eta milaka haurrek zein nerabek ez dutela inolako loturarik izango euskararekin, eta horrela izan da ia urte erdiz». Ikasturte berriarekin batera, euskara erdigunean jarri behar zela ohartarazi zuten proposamena sinatu duten eragileek. Hori horrela, Kontseiluak aurkeztutako Geroa Euskaratik dokumentua izan dute oinarri proposatutako neurriak zehazteko orduan.

Hizkuntza errefortzuak indartzekotan, Nafarroako ikastetxe guztietan Euskaraz mintza programa ezartzea proposatu dute. Horrez gain, proposatu dute ikasleen ratioak jaitsi eta egokitzearekin batera ikasleen konpetentzien ebaluazioa egitea eta bakoitzaren hizkuntza beharrizanei erantzuteko baliabide pertsonal eta materialak handitzea.

Ikasleen euskararekiko atxikimenduari begira, euskara esparru formaletik harago eramatea ere proposatu dute: euskarazko eskolaz kanpoko jarduerak eta aisialdia bera eskaintzea. Eta eskaintza horiek Nafarroako ikaskuntzako beste arloetan –arteak, hizkuntzak, kirolak, etab.– ere bermatu behar direla gehitu dute. Euskarazko ahozkotasuna lantzea eta ikasleen emozioak euskararen erabilerarekin lotzeko helburua duten programak ezartzea ere proposatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.