Albistea entzun

Literatura

Antxiñe Mendizabalek 'Odolekoak' plazaratu du

Idazlearen lehen nobela da. 1941etik 2005era arteko garaian kokatuta dago, eta Iruñeko familia bat jarri du kontakizunaren erdigunean. «Amatasun eta alabatasun zapuztuen ahotsak» ditu ardatz.

Antxiñe Mendizabal editore eta idazlea, gaur goizean, Donostian.
Antxiñe Mendizabal editore eta idazlea, gaur goizean, Donostian. Juan Carlos Ruiz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko azaroak 3

Esaldi bat eleberriaren sarreran: «Memoria baten alaba naiz». Eta hiru atal kontakizuna biltzen, elkar lotzen diren izenburu esanguratsua dakartenak hirurak: Indarkeriaren memoria, Kontzientziaren memoria eta Maitasunaren memoria. Hirurogei urtetik gorako denbora tartea sartu du Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968) bere estreinako nobelan, 1941ean hasi eta 2005era arteko aldia zehazki, eta memoriarena da nobelaren elementu behinenetakoa. Memoria, irudimenarekin batera. Iruñeko etxaluztarren familia sortu, eta bertako hiru belaunaldiren bitartez kontatu du haien historia Mendizabalek, bata bestearen ondorengoak diren hiru emakumerengana joz: Matilde, Teresa eta Amaia. Emakume aurpegi bat ageri da, hain zuzen, Odolekoak-en azalean; Irune Izquierdok egin du, eta horren guztiaren kondentsaziotzat dauka egileak: «Erakusten du pertsonarengan memoriak duen pisua eta irudimenerako duen aukera, errealitate berriak birsortzekoa».

Roberto Bolaño idazlearen aipamen bat baliatu du lanaren aurkezpenean Mendizabalek, eta hala dio: «Eleberriak idazteko ez da irudimenik behar, memoria besterik ez; eleberriak oroitzapenak bateratuz eta nahastuz sortzen dira». Bere kasuan, baina, ez du oroitzapen propioetara jo nobelan zentrala den familia eta haren ingurua eraikitzeko; bere familiaren bizipenekin «zerikusirik ez» duela zehaztu du. Eta, hala ere, «oso gertu» sentitu ditu denak: «Horrek pentsarazten dit indarkeriaren, kontzientziaren eta maitasunaren atalasean egon gaitezkeela etengabe, izan eskuineko jendea, ezkerrekoa, aberats, pobre, gizon edo emakume».

Nagusiki Iruñean jazoko da istorioa. «Euskal Herriaren historian eta frankismoaren garaian muturreko bizipenak izan ziren han. Istorioak gordintasun asko du, eta egokia iruditu zitzaidan muturreko toki batean girotzea», azaldu du. Matilde, Teresa eta Amaia dira protagonistak, bakoitza aurrekoaren alaba. Horien bueltan, bigarren mailako pertsonaia ugari agertuko dira eleberrian, «konstelazio moduko bat» sortzen haien inguruan: bizilagunak, neskameak, maitaleak... Fikziozko horiez gainera, egiazko pertsonak ere badira, traman agertu ez arren «agertokian» daudenak. Horien artean daude, esate batera, Camino Oscoz faxistek erail eta Urbasako mendizerratik amildu zuten maistra, Emiliana Zubeldia musikaria, ETAk bahitutako Felipe Huarte enpresaria, Kristiane Etxaluz ezker abertzaleko militantea, German Rodriguez eta beste. Haien artean nahastuta agertuko dira, «kasik ohartu gabe», Mendizabalen hitzetan. «Beti gaude besteen bizitzetan nahastuta, jakin edo ez».

«Ama irensleak»

Nobela osoa hartzen duen gaia beste bat da, ordea: amatasunarena eta hari loturiko alabatasunarena. «Esperientzia pertsonal gisa eta eraikuntza politiko kolektibo moduan», zehaztapena idazleak. «Ama izan nahi ez duen emakumearen eta amaren umezurtz sentitzen den alabaren arteko harremana» bistaratzen saiatu da istorioan, askotariko amen ahotsak ekarrita: «Ama zigortzailearena, ama izan nahi ez duenarena, ezgai sentitzen denarena, amaminez bizi den alabarena, abortatu behar duen gaztearena, abusuak jasan dituenarena... Oinarrian, amatasun eta alabatasun zapuztuen ahotsez osatutako istorio bat da». Matrioxkaren irudia erabili du ama-alaben katea ordezkatzeko. «Panpina horiek ama irensleak iruditu izan zaizkit beti».

Amak nola, eleberriko emakumeak oro har ere askotarikoak direla nabarmendu du Mendizabalek. Izan errebeldeak, otzanak, aurrerakoiak, menderatuak, iheslariak,  harrapakinak zein harrapariak. «Euren bizipenak ikuspegi propiotik nola deskribatzen dituzten transmititzen saiatu naiz, gizonezkoak jaun eta jabe ziren mundu eta garai batean, zenbat eta atzerago, are krudelago emakumeentzat».

Denboraren joan horretan, misterio batek eramango du trama aurrerantz. Iruñeko Dos cafeteras karameluen kutxa batean gordetako gutun batzuk dira horren muina, 36ko gerran «amabitxi lanetan» fronteko soldaduei idazten aritu zirenena, horiek adoretzeko. Matilde agertuko da zeregin horretan, baina gertuko inork ez du tarte luzez ezer jakingo.

Bultzatu duten obsesioak

Urte batzuk eman ditu nobela idazten Mendizabalek, eta, adierazi duenez, kasik lan gehiago izan du asmoari eta pultsuari berari eusten, lana bera osatzen baino. Bultzatu duten "obsesioen" artean aipatu ditu bere amari umetan entzuten zion «zuk ez dakizu zer den inori ama deitu ezin izatea»-ren oihartzuna, nerabezaroan harekiko izandako maitasun-gorrotoa eta ama izan denetik alabarengan ikusi dituenak. «Azkenean, lotura horiek eta zu hiltzera etorri den alaba onartu beste erremediorik ez dago».

Xabier Mendiguren lankide eta «konplizea» izan du editore liburuan, eta «istorio handi bat» idazteagatik zoriondu du hark: «Anbizio handikoa da. Nobela ederra, indartsua eta irakurleari gogoan geratzen zaizkion istorio horietako bat». Dokumentazio lan handia egin arren, datuak eta gertakari historikoak argumentuari ez gainjartzen ahalegindu da idazlea. «Ez dut nobela historiko bat egin nahi izan», argitu du, eta Milan Kunderaren aipu bat josi dio horri: «Historiaren aldi jakin batera lotuta geratu diren eleberri guztietan aberkideak saiatzen dira istorioan bilatzen beren bizipenen aitortza; jakin nahi dute beraiek bizi izandakoa eta historian esaten dena bat datozen, egilearen iritziak argitzeko asmoz. Eleberri bat irakurtzeko modurik okerrena da hori; eleberrigile baten pasioa ez baitago politikari zuzendua. Idazleak historiaren protagonisten misterioa aztertu eta ekartzeko besterik ez du idazten».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Musika estilo askotara zabaldu da trikitia azken urteotan. Irudian, Neomak taldearen kontzertu bat, Durangon (Bizkaia). ©RAUL BOGAJO / FOKU

INFERNURAINOKO SUSTRAIAK DITU

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturan errotuta dauden musika tresnetako bat da trikitia. Euskal Herriko plazetan zein musika eskoletan bizi-bizirik dago oraindik ere, eta, tradizioa alde batera utzi gabe, musika estilo gehienetara ere zabaldu da azken hamarkadetan. Transmisioan dago gaur egun kezkarik handiena.
 ©IRATXE ETXEANDIA

«Trikitiaren errealitatea ez dator bat gizarteak irudikatzen duenarekin»

Olatz Enzunza Mallona

Trikitiaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ari da ikertzen Gontzal Carrasco bere doktoretza tesian. Tradizioaz gainera, instrumentuaren «beste errealitate batzuk» erakusteko beharra dagoela nabaritu du.

 ©ANE GARCIA
Duvravka Ugresic, Bartzelonan, 2011n. ©ORIOL CLAVERA

Bueltarik gabeko erbestearen letrak

Andoni Imaz

Historiaren eta politikaren koordenatuetatik irakurri ohi da Dubravka Ugresic hil berriaren lana; izan ere, gai horiek erabat blaitzen dituzte Jugoslavia ohia desegin ondoren handik ihes egin zuen idazle kroaziarraren nobelak eta saiakerak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...