Erreakzioak

Trump: «Prest gaude hauteskundeak irabazteko»

AEBetako presidenteak garaipen handitzat jo ditu bozak, eta «hauteskundeak lapurtzen saiatzea»leporatu die demokratei. Joe Biden hautagai demokratak ere irabazteko «fedea» adierazi du.

Alderdi Errepublikanoaren jarraitzaile bat, datuak ospatzen, Las Vegasen. DAVID BECKER, EFE
2020ko azaroaren 4a
07:21
Entzun

Donald Trumpek Etxe Zurian agerraldia egin du, eta estatuz estatu errepasoa eginez irudikatu du haren ustez «garaipen handia» dena. Oraindik bere esku ez dauden hainbat estatu ere aipatu ditu, Pennsylvania kasurako, hauteskundeak errepublikanoek irabazi dituztela esateko:«Prest gaude bozak irabazteko. Bozak irabazi ditugu».

Pennsylvanian 600.000 botoren aldea dutela gogorarazi du, jarraitzaileen oihuen artean. «Ez dira gerturatu ere egiten. Ia ezinezkoa da horri buelta ematea. Michiganen ere irabazten ari gara. Florida, Ohio, Texas, Georgia eta Ipar Carolina ere gureak dira. Arizonan boto asko geratzen dira kontatzeko, eta, batzuek demokratek irabazi dutela esan duten arren, buelta eman diezaiokegu».

Errepublikanoen alde bozkatu duten herritarrei eskerrak eman dizkie, eta uste du «talde triste bat garaipena oztopatzen» ari dela, demokratei aipamena eginez. Izan ere, hauteslekuak itxi ostean aukera guztiak daude mahai gainean, eta tentsioa gorantz doa errepublikanoen eta demokraten artean, lehia estutuz doan neurrian. Trump eta Biden goizaldean hasi dira adierazpenak egiten, eta presidentearen lehen hitzak iruzurraren mamua zabaltzeko izan dira. Bigarren aldiz presidente izateko aukera handia duela uste du, «garaipen handia» izan dela, baina demokratak «hauteskundeak lapurtzen saiatzen» ari direla: «Abantaila handia dugu, baina haiek lapurtzen saiatzen ari dira. Inoiz ez diegu hori egiten utziko. Botoa ezin da eman hautetsontziak itxi ondoren».

Trumpek denbora darama aldez aurretik emandako botoetan iruzurra dagoela salatzen. Boto horiek hainbat estatutan hauteslekuak itxi ostean kontatzen ari dira, eta aukerak badaude boto horiei esker azken emaitza Bidenen aldera jartzeko. Twitterrek ohartarazpen bat egin dio Trumpen txioari, «hauteskundeen lapurreta» dagoela dioen mezua «potentzialki gezurrezkoa» delakoan.

Joe Bidenek, berriz, zuhurtziaz egin ditu adierazpenak; ez espero zuen lasaitasunarekin. Haren ustez, ez dago arrazoirik pentsatzeko ez dutela irabaziko, eta uste du goizegi dela esateko garaipena errepublikanoena edo demokratena dela. «Garaipena AEBetako herriarena da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.