Herdoilaren Gerrikoa, erabakigarri

Aurtengo presidentetza Michigan, Wisconsin eta Pennsylvania estatuetan erabakiko da, duela lau urte gertatu bezala. Botoen zenbaketak luze iraungo du; egunak, baita asteak ere agian.

Boto emaileak Pennsylvaniako Pittsburgh hirian, atzo, botoa emateko ilaran. EFE
ander perez zala
2020ko azaroaren 4a
12:09
Entzun

Aurtengo bozetako kuriositate bat: Donald Trumpek Herdoilaren Gerrikoko estatuei esker irabazi zuen 2016an, boto gutxiko tartearekin, eta aurten litekeena da Herdoilaren Gerrikoko estatuetako emaitzengatik galtzea, boto gutxiko tarteagatik. Georgiako (16 konpromisario) eta Ipar Carolinako (15) emaitzak edozein direla ere, aurtengo presidentetza Michiganen (16), Wisconsinen (10) eta Pennsylvanian (20) erabakiko da. Hortaz, orduak eta egunak falta dira behin betiko emaitzak jakiteko, posta bidezko botoaren ondorioz.

Aurreikusitako eta Trumpek berak elikatutako egoera bat daukate, aurrez aurre, AEBek: hauteskundeen emaitzak estuak izango dira, pare bat estaturen menpe egongo dira eta posta bidezko botoak erabakigarriak izango dira. Horrek azaltzen du hautagai errepublikanoak asmoa duela azken boto horien zenbaketa gelditzeko; demokratek bozak «lapurtuko» dizkiotela ere adierazi du.

Joe Bidenek lortuko balitu boto gehien Wisconsinen, eta Nevadan (6) irabaziko balu, Michiganen garaile izatea nahikoa luke bozak irabazteko; betiere, hautagai errepublikanoak Georgia, Ipar Carolina eta Pennsylvania lortuko balitu. Egoera horrek emaitza estua utziko luke, eta, beraz, helegiteetarako aukera. Trumpen alderdiak jada aurkeztu ditu horietako batzuk Pennsylvanian, eta gaur bertan dira aztertzekoak; Nevadan zenbaketa gelditu dute, eta bihar ekingo diote berriz.

Hautagai demokratak hainbat aukera ditu presidentetzara iristeko, baina, testuinguru guztietan, batez ere Pennsylvania izango da, berriz ere, behin betiko emaitzak baldintzatuko dituena. 2016. urtean, 266.000 herritarrek bozkatu zuten posta bidez, eta, aurten, hiru milioi ingurura igo da kopurua; legearen arabera, horiek aztertu, prozesatu eta zenbatu egin behar dituzte atzodanik hasi eta gehienez etzi arte. Halere, zenbaketa gaur hastea erabaki dute. Horiekin batera, Michiganen eta Wisconsinen ere hauteskunde egunera arte itxaron dute posta bidezkoak zenbatzen hasteko.

Beste estatu batzuetan, gainera, posta bidezko botoak jasotzeke dituzte; esaterako, Nevadan, datorren asteartean jasoko dituzte, eta, Ipar Carolinan, datorren asteko ostegunean eskuratuko dituzte hauteskunde egunean bidalitako botoak. Georgian, bozen aurretik botoak prozesatzeko aukera dute, baina horien zenbaketa soilik hautetsontziak ixtean abia dezakete; Wisconsinen, aldiz, ezin zituzten botoak prozesatu eta zenbatu hauteskunde egunaren aurretik.

Ohion, gainera, azaroaren 13ra arteko epea dute boto horiek jasotzeko. Halere, Kathy Boockvar Pennsylvaniako agintariak aurreikusi du boto guztiak «egun batzuetako epean» edo «[bozen osteko] astebururako» zenbatuko dituztela; ikusteko dago hori beteko duten, hainbat estatutako agintariek adierazi baitute zenbaketa atzeratzen ari direla.

Egutegiaren menpe

Printzipioz, AEBetako presidentetzarako hauteskundeetako botoen zenbaketek abendu hasierarako amaitu behar dute. Hauek dira datozen aste eta hilabeteko ekinbide garrantzitsuenak:

Abenduaren 8a: Estatuek konpromisarioen izen-abizenak jakinarazi behar dituzte. Hortaz, emaitza guztiak egun horretarako beharko dituzte; halakorik gertatuko ez balitz, estatuetako parlamentuek horiek izendatzeko aukera izango lukete. Egun horretan egokitu daitekeen egoeraren arabera, Trumpek auzitara jo lezake; lehenago ere bai, batez ere Gorenera.

Abenduaren 14a: Konpromisarioak elkartu egingo dira, AEBetako presidentea eta presidenteordea bozkatzeko.

2021eko urtarrilaren 6a: Kongresuak konpromisarioen botoak zenbatuko ditu.

2021eko urtarrilaren 20a: Boto gehien lortu duen hautagaiak AEBetako presidente kargua hartuko du.

Aurtengo emaitzek 2000. urtean gertaturikoa oroitarazten dute. Mende hasierako bozetan, George W. Bush errepublikanoa eta Albert Arnold Gore demokrata izan ziren aurrez aurre, eta, azkenean, Auzitegi Gorenak jakinarazi behar izan zuen garailea.

Arrazoia zera izan zen: Floridan, egun hartan erabakigarri bilakatu zen estatuan, bi hautagaien arteko tartea oso txikia izan zen, eta 45.000 boto berriz zenbatzeko agindua eman zuen Floridako auzitegi batek. Bushen taldeak helegitea jarri zion erabaki horri, eta AEBetako Auzitegi Gorenak Floridako epailearen erabakia blokeatu zuen. Hala, errepublikanoak irabazi zuen estatu horretan, eta, hortaz, presidente aukeratu zuten. Gorek erabakia onartu zuen.

Urte hartan, 2016an bezala, demokratek jaso zuten boto gehien, baina ez zuten presidentetza lortu. Ikusteko dago aurten Trumpek nola erreakzionatuko lukeen berriz ere halako egoera bat gertatuko balitz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.