Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Bilboko metroa

Haiek ere ospatu gura dute

Datorren eguaztenean 25 urte beteko dira Bilboko metroa lehen bidaiariak eroaten hasi zenetik. 1995eko azaroaren 11 hartan, urte asko iraun zuen itxaronaldia bukatu zen bizkaitar askorentzat. Inauguraziotik mende laurdena igaro den honetan, oraindik ere badira metroa haienera noiz iritsiko zain jarraitzen duten beste asko.

Jose Antonio Ardanza lehendakariak Bilboko Metroa inauguratu zuen 1995eko azaroaren 11n, 11:11etan, Moyuako metro geltokian.
Jose Antonio Ardanza lehendakariak Bilboko Metroa inauguratu zuen 1995eko azaroaren 11n, 11:11etan, Moyuako metro geltokian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza -

2020ko azaroak 8 09:28

Emateko prest dago dena? Bai? Aurrera, bada!». 1995eko azaroaren 11n, 11:11 zirela, Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakari Jose Antonio Ardanzak martxan ipini zuen Bilboko metroa lehen aldiz. Hainbat urtez hiria hankaz gora ipini zuten lanak amaituta, luzaroan amestutako metroa bidaiariak eroateko prest zegoen. Datorren eguaztenean 25 urte beteko dira inaugurazio hartatik. Mende laurden honetan, trenbidea metropoliaren barrunbeetan hedatuz joan da, hiru linea izan arte. Aurtengoa urte arraroa da, eta ez du balio estatistiketarako. Baina, orain arte, bidaiari markak hautsiz ibili da: iaz, 90 milioi erabiltzaile izan zituen.

Gaur egun hiriburuan eta metropolian egiten diren joan-etorrietarako garraiobiderik erosoena da. Horregatik, asko dira metroa haienera iristea gura duten auzoak eta udalerriak. 2010ean Patxi Lopez lehendakariak metroa Castro Urdialesera (Kantabria, Espainia) eroatearen bideragarritasuna aztertzeko ikerketa agindu zuen, dagoneko iragarrita zeuden 4. eta 5. lineak bazterrean utzita; hau da, Bilboko Errekalde auzotik Matikora eta Etxebarritik Usansolora joan beharko luketenak. Bi linea horiek birplanteatu egin dituzte azkeneko urteetan.

Iaz iragarritakoaren arabera, 5. linea birmoldatua egiten datorren urtean hasi beharko lukete. Baina berandu dabiltza dagoeneko: proiektua egin aurreko azterketa abendurako bukatuko dute. Hau da asmoa: Sarratun estazio intermodal bat egingo dute, Bilboko metroaren 1. eta 2. linearekin lotzeko, eta handik Galdakaora eta Usansoloko ospitalera joango litzateke trenbidea; 4. lineak, berriz, AHTaren Bilborako sarbidea egiteari itxaron beharko dio, gutxienez. Izan ere, azkeneko berrien arabera, Matikorekin barik, Zabalguneko geltokiren batekin lotuko luke Errekalde.

Luzerako kontuak

Joan den astean, Batzar Nagusiek Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran, Unai Rementeria ahaldun nagusiak datozen urteetako inbertsioak izan zituen berbagai. COVID-19aren pandemiak eragindako krisialdiari aurre egiteko EB Europako Batasunetik etor litezkeen diru funtsekin lotu zituen linea berriak. Esan zuen metropoliko mugikortasuna arindu gura dutela, eta, horretarako, metroa Galdakaora, Usansoloko ospitalera eta Bilbo hegoaldeko auzoetara eroan behar dela. Baita Feveren Enkarterriko trenbidea hobetu eta metroarekin lotu behar dela ere. «Horiek guztiak egiteko, [EBren] laguntza beharko dugu; guk bakarrik ezin dezakegu egin». AHTak ere beste urte biko atzerapena izango du. Espainiako Gobernuak zera iragarri zuen joan den astean, datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztean: gutxienez, 2026ra arte itxaron beharko da obrak bukatuta ikusteko. Beraz, horrek Bilbo hegoaldeko auzoetara metroa iristea ere atzeratuko du.

Jarraipena izango du 3. lineak: Artxanda mendian egindako tuneletik, Txorierrira joango da, Loiuko aireportura. 2. linea, berriz, bukatuta dago, baina, 2016an, Eusko Jaurlaritzak Kabiezesko trenen garajearen azterketa informatiboa onartu zuen. Ortuellaraino jarraitzeko aukera aipatzen du txostenak. Alegia, trenbidea beste kilometro bat luzatu eta Uriosten azken geltoki bat egitea, Meatzaldeari zerbitzua emateko. Eskualdeko lau alkateek pozik hartu zuten berria.

Proiektuak proiektu, beraz, oraindik ere milaka dira Bilboko metroa haienera heldu zeneko urteurrena ospatu gura duten bizkaitarrak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hiesa: GIB positiboen ahotsa

Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur

Paulo Ostolaza - BerriaTB

Aurten bete dira 40 urte lehen kasuak agertu zirenetik. GIB positibo diren bi pertsonari eman nahi izan die hitza BERRIAk: Joseba Errekalderi eta Josu Unanueri. 1990eko hamarkadan jakin zuten seropositibo zirela, eta ordutik hona bizi izandakoak kontatu dituzte. BERRIAk sakon landu zuen gaia igandean.

Gasteizen, Armentiako gas putzuak ustiatzeko proiektuan atzera egin behar izan zuen Jaurlaritzak. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Interes orokorra eta udal eskumenak aurrez aurre jarriko dituen zuzenketa bidean da

Jone Arruabarrena

Pil-pilean dago legearen inguruko eztabaida, EAJ eta PSEk aurkeztutako zuzenketaren ondoren. Zuzenketa onartuz gero, litekeena da ondorioak izatea udalen eskumenetan

<b>Gotzone Sagardui.</b> Osasun sailburua, atzo, Gobernu Kontseiluaren ostean egin zuten agerraldian. ©J. FONTANEDA / FOKU

Datu «txarrak» direla eta, osasun larrialdia ezarriko du berriz Jaurlaritzak

Berria

Espainiako Auzitegi Gorenak onetsi egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun ziurtagiria erabiltzea. Ziurtagiria datuak apaltzeko «tresnetako» bat izango dela dio Urkulluk A. Iraola - J. Ordoñez- J. Senar

Ertzain bat bilaketa lanetan, atzo, Karrantza ibaian. ©Ertzaintza

Karrantza ibaian aurkitu dute igandean desagertutako 31 urteko gizona

Berria

Sendiak igandean jarri zuen salaketa, atzo aurkitu zuten Ramales de la Victorian (Espainia), eta Ertzaintzak gaur baieztatu du gorpua desagertuarena dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.