Joe Biden

Etxeko sototik Etxe Zurira

AEBetako 46. presidentea izango da Joseph Robinette Biden, Pennsylvaniako hogei ordezkariak irabazita.

Joe Biden. AMANDA SABGA, EFE
ander perez zala
2020ko azaroaren 7a
17:53
Entzun

Estatubatuar bati presidente hautatuaren proposamenei buruz galdetuz gero, litekeena da horiez ideia gutxi duenaren erantzuna jasotzea, koronabirusari buruzkoetan izan ezik. Joseph Robinette Bidenek (Scranton, Pennsylvania, 1942) etxeko sotoan pasatu du aurtengo ia udaberri osoa, pandemia saihesteko, eta eskuetako behatzekin zenba daitezke epe horretan egindako agerraldi politikoak. Bidenek ez du bere proposamenen inguruko kanpainarik egin, Donald Trump agintetik botatzearen ingurukoa baizik; izan ere, presidente hautatu berriarentzat, ez zegoen bere burua aurkezteko beharrik: «Ezagutzen nauzue» da aurten hainbatetan errepikatu duen mezuetako bat. Bost hamarkadako ibilbidearen ostean, esperientziaren argudioa salduta iritsi da Etxe Zurira; hori, edo aurkaria Trump bera izan duelako eta haren hutsegiteak bere mesederako baliatzen jakin duelako.

Biden, 78 urterekin, AEBetako presidente kargua hartuko duen politikaririk zaharrena bilakatuko da. Eta, hortaz, herrialdeak izango duen agintaririk zaharrena. Estatu gizon bat da, senataria, presidenteorde izandakoa, gerrak hastearen aldekoa –Irakekoa, adibidez– eta milioika herritarri osasun laguntza helarazi diena; bidean, gainera, boto emaileekin konektatzeko gaitasuna erakutsi du, betiere Barack Obamaren mobilizazio gaitasunera heldu gabe.

AEBetako presidente hautatuaren helburu nagusia, kanpainan adierazi duenez, herrialdea berriz batzea izango da, Obamaren legatuan oinarrituta. Horrek azaltzen du herrialdeko presidente ohiaren presentzia kanpainako hainbat ekitalditan, eta koronabirusak eragindako krisia sakondu ahala Bidenek agintari denaren itxura sendotu nahi izatea, medikuen eta ekonomialarien gomendioetan oinarrituriko mezuak helarazita; horretarako, iradoki duenez, bere bizitza ere hartu du oinarri. Trumpen aurrean, presidente profila erakutsi nahi izan du.

AEBetako presidente hautatuak hainbatetan jakinarazi du zer gertakarik ondu zuten bere esperientzia. 1970eko hamarkadan, politikari mota berri gisara aurkeztu zuen bere burua: herritarrekiko gertutasuna duena, eta afro-amerikarrekin harreman handia duena. Horrek lagundu zion 1972an, 29 urterekin, Delawareko senatari eserlekua lortzen, baina, aldi berean, garai hartan gertatu zen bere bizitzako zorigaiztoko gertakarietako bat: lehen emaztea eta alaba hil zitzaizkion istripu batean. Ez zen bakarra izango, gerora seme bat ere hil baitzitzaion, minbiziarengatik.

Agintari demokrataren zaleek haren bakantasuna defendatu dute; eta hark, bere bizitzako lehen urteak eta bere sustraiak, Scranton meatzari hirian jaio eta bizi izana arbaso irlandarrak dituen familia katoliko batean. Trumpen profilaren kontrakoa da, finean. Baina, aniztasunaren garaian, gizon bat da, zuria eta zaharra, eta establishment-aren parte. Horregatik aukeratu zuen presidenteordetzarako Kamala Harris, emakumea, afro-amerikarra, eta bera baino gazteagoa.

Biden 1987an saiatu zen lehenengoz AEBetako presidentetzara iristen, eta saiakera ez zen espero bezala amaitu, kanpaina bertan behera utzi baitzuen gezur eta diskurtso plagioak tarteko. 2008an saiatu zen berriz, baina Hillary Rodham Clinton eta Obama izan zituen aurrean; halere, garaiz erretiratzeak lagundu egin zion Obamaren presidenteordegai bilakatzen, eta, ostera, kargu horretara heltzen.

Demokraten sektore guztien babesa izan du, aurkaria Trump izan duelako; izan ere, bidean kritikak jaso ditu iraganean krimenari buruzko legediarekin –beltzen espetxeratze masiboa ahalbidetu zuen sistemaren oinarriak jartzeagatik, kritikoek diotenez– eta emakumeekin izan dituen jarrerengatik, eta publikoari begira mintzatzerakoan egin dituen hutsegiteengatik. Hortaz, demokratek zergatik aukeratu zuten presidentegai? Gauza horien guztien gainetik, alderdian kontsentsua lortu duen profil bakarra izan delako.

AEBetako presidente hautatuak hiru hamarkada egin ditu senatari karguan, eta horrek balio izan dio sutsuki defendatzeko bipartidismoaren balioa; alegia, proposamenak errepublikanoekin negoziatzea eta ados jartzea, nahiz eta egungo polarizazioak horretarako tarte gutxi ematen duen. Trump Obamaren lorpenak desegiten saiatu da; ikusteko dago orain Bidenek zer egingo duen: horiek berreskuratu ala bere bidea abiatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.