Sareen Sareak hirugarren sektorea indartzeko neurriak eskatu dizkie instituzioei

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hirugarren sektore soziala ordezkatzen duen elkarteak «berreraikuntza soziala» bermatzeko hainbat proposamen bidali dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarreko taldeei.

Gernikako (Bizkaia) Calzada Zahar adinekoen egoitzan hainbat langile beharrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 9a
11:45
Entzun

Koronabirusaren pandemiak bereziki eragin die zaurgarritasun egoeran daudenei, eta, ondorioz, baita haien eskubideak babesteko eta bermatzeko lan egiten duten erakundeei ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hirugarren sektore sozialeko erakundeak batzen dituen Sareen Sarea elkarteak gaur ohartarazi duenez, osasun larrialdiaz gain larrialdi soziala ere jasaten ari da gizartea, eta, hori dela eta, beharrezkoa da instituzioak eta eragile guztiak elkarlanean aritzea «beharreko kontingentzia neurrien» diseinuan eta aplikazioan.

Horiek hala, Sareen Sareak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariei hainbat proposamen egin dizkie, «inor atzean utziko ez duen berreraikuntza soziala» bermatzeko. Besteak beste, elkarteak honako proposamen hauek egin ditu: pandemiak azaleratu duen arrakala digitala ezabatzea; pertsona guztiei osasun sistemako zerbitzu, diagnostiko proba eta tratamendu guztiak jasotzeko aukera ematea «bereizketarik gabe eta baldintza berdinetan»; egoitzetako arreta eredua eraldatzea, gizarte zerbitzuen euskal sistemaren eskaintza «zabala, plurala eta malgua» izatea bermatzeko; familiakoen zaintzari «duintasuna» emateko neurriak hartzea; laguntza psikologikoa eta emozionala ematen duten zerbitzuak indartzea, eta indarkeria egoeran dauden emakumeei laguntzeko eskuragarri dauden baliabideak eta tresnak hedatzea.

Hirugarren sektore soziala osatzen duten erakundeen egoera hobetze aldera, berriz, beste hainbat eskari ere egin dituzte elkartekoek. Esaterako, pandemiaren eraginez sortutako larrialdi sozialak kudeatzeko talde eragile bat sortzea proposatu dute. Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren Batzordearen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiken Sailaren menpe legoke talde hori, eta «elkarrizketa zibil aktiboa eta iraunkorra» bideratuko luke Jaurlaritzaren eta hirugarren sektorearen artean. Horrekin batera, ezinbesteko iritzi diote sektore soziala krisia kudeatzeko «funtsezko zerbitzua» dela aitortzea, haren finantzaketa ez murriztea, eta erakunde sozialei baliabideak ematea koronabirusak talde zaurgarrienetan izan duen inpaktua gutxitzeko. «Inork ez du atzean geratu behar krisi honetan. Babes soziala behar duten pertsona eta familia guztien eskura egon behar dira hirugarren sektoreko erakundeek eskaintzen dituzten prestazio sozialak», adierazi du Sareen Sareak ohar batean.

Instituzioei egindako eskariekin batera, Sareen Sareak iragarri du sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko duela, Pandemiaren aurkako txerto soziala gara lelopean. Erakunde sozialen lana ikusarazteko eta haien lana indartzeko asmoz hasiko dute kanpaina.

Sareen Sarea erakundeak jakinarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.000 erakunde inguruk osatzen dute hirugarren sektorea: zuzenean 38.525 pertsonek egiten dute lan, eta beste 138.600 lagun boluntario gisa aritzen dira sektorean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.