%90eko arrakasta duen txerto bat sortu duela esan du laborategi batek

AEBetako Pfizer laborategiak eta Alemaniako Biontech botika ekoizleak elkarlanean garatu dute txertoa, eta Europako Batasunak 200 milioi dosi eskuratzeko hitzarmena sinatua du horiekin. Urte amaierarako erabiltzen hasiko dira, dena ondo bidean.

BionTech konpainiaren egoitza nagusia, Mainzen, Alemanian. RONALD WITTER / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 9a
14:08
Entzun

Pfizer eta Biontech laborategiek garaturiko txertoak arrakasta du kasuen %90etan, konpainiek eginiko proben arabera. «Gaur egun handia da zientziarentzat eta gizateriarentzat», idatzi du Pfizerreko buru Albert Bourlak. Laborategiek dagoeneko hirugarren faseko probak egin dituzte txertoarekin. Fase horretan, aztergai izaten dituzte txertogaiaren toxikotasuna, immunitatea sortzeko gaitasuna eta nahi gabeko kalte larriak, baina jende askorekin, lehen eta bigarren faseetan ez bezala. Txerto hori 43.000 pertsonarekin probatu dute. Ezinbesteko urratsa da txertoa osasun agintariei aurkeztu eta, onarpena lortu ondoren, kopuru handietan ekoizten hasteko.

«Hirugarren faseko proben lehen emaitzek frogatzen dute gure txertoak ahalmena duela COVID-19a saihesteko», gaineratu du Bourlak. Azaldu duenez, proban parte harturiko pertsonen %90 babestu ditu txertoak.

Baieztatzen bada, espero baino hobea litzateke emaitza, osasun agintariek esana baitute onartuko luketela %50eko eraginkortasuna lukeen txerto bat. Beraz, ahalmen hori askogatik gainditu luke Pfizer Biontech konpainiaren txertoak. Gaineratu dutenez, berdin babesten du jendea, jatorria bereizi gabe.

Bi dosi hartu behar dira, ordea, bigarrena hiru asteren buruan. Babesik handiena bigarren dosiaren ondoren lortuko litzateke.

Beste bi astez datuak biltzen jarraituko dute, botiken agintariei txostena bidali aurretik. Dena ondo bidean, lehenengo dosiak urtearen amaierarako ematen hasiko dira. Ordurako 50 milioi dosi ekoizteko gauza izango direla uste dute konpainiek, eta 1.300 milioi datorren urtearen amaierarako.

Maiatzean, lau txerto mota probatzen hasi zen konpainia. AEBetakoa da Pfizer, eta New Yorken du egoitza, baina Alemaniako Biontech botika ekoizlearekin batu da txertoa sortzeko egitasmoan. Uztailean iragarri zuten lau txertogaietatik bi azkar garatzen hasiko zirela. Irailean esan zuten Europako Batasunekin ituna egin zutela 200 milioi dosi saltzeko, geroago beste 100 milioi saltzeko aukerarekin.

Txerto genetikoa

Hainbat txerto mota daude, eta munduko laborategiek ikerketa ildo ezberdinei jarraitu diete koronabirusaren aurkakoa garatzeko. Batzuek birus indargabetuekin egin dute lan: hori da txerto ohikoena eta, orain arte, eraginkorrena: birusaren bertsio inaktibo edo indargabetu bat txertatzen da gorputzean. Horrek ez du gaixotzeko gaitasunik, baina immunitate sistema aktibatzen du organismoan, antigorputzak ekoitz ditzan.

Pfizer eta Biontech konpainiek, ordea, DNA eta RNA bidezko txertoetan egin dute lan. Txerto genetiko esaten diete horiei, ez dutelako birusaren bertsio ahul bat erabiltzen, baizik eta birusaren material genetikoa bakarrik. Gorputzak aski du kode genetiko horrekin antigorputzak sortzeko. Halakoak dira AEBetako Moderna eta Inovio enpresak lantzen ari direnak ere.

Pfizer ezaguna da, besteak beste, Viagra botika sortu zuelako. Iaz eztabaida piztu zen zientzia munduan konpainia horren inguruan. Merkatuan dagoen botika batek alzheimerra saihesteko ahalmena izan dezakeela jakitea eta informazioa ez zabaltzea leporatu zioten. Aditu batzuek albiste faltsutzat jo zuten, edonola ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.