Gazteluetako irakasle ohia ez kartzelatzea erabaki du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak

2009tik 2011ra ikasle adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik zigortutako irakasle ohia kartzelan sartzeko eskatu zuten biktimaren abokatuek.

Gaztelueta ikastetxeko maisuaren aurkako epaiketa, 2018an. MARISOL RAMIREZ
Berria
2020ko azaroaren 9a
17:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak Opus Deiren Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohia ez espetxeratzea erabaki du. Espainiako Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion irailaren bukaeran, 2009tik 2011ra ikasle adingabe bati sexu abusu jarraituak egitearen delitu bat egotzita. Biktimaren abokatuek irakasle ohia kartzelatzeko eskatu zuten lehengo astean, delituaren larritasuna ikusirik gizarteari mezu argi bat helarazi behar zitzaiola argudiatuta, baina Bizkaiko Probintzia Auzitegiak atzera bota du haien eskaera. Magistratuen arabera, zigorra ez betetzeko baldintzak bilduak dira: zigorra bi urte baino apalagoa da, zigortuak ez du aurrekaririk, eta ez da erantzukizun zibilen ordainketarik agindu. Haatik, hiru urteko epean beste deliturik eginen balu, kartzelara bidaliko lukete irakasle ohia.

2018ko azaroan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra jarri zion irakasle ohiari sexu abusu jarraituen delituarengatik, akusatuak bere bulegoan egindako bost sexu abusurengatik. Baina kondena bederatzi urte jaitsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak irailaren 29an. Partzialki onartu zuen errugabetasun presuntziorako eskubidea urratu izanagatik irakasleak ezarritako errekurtsoa, eta frogatutako gertaeretatik kanpo utzi zituen zigorra areagotu zuten bost gertaeretatik bi: ikaslea bere aurrean masturbatzera eta boligrafo bat uzkian sartzera behartzea. Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezartzea erabaki zuen; irakaslea ezingo da biktimarengana gerturatu lau urtean, eta sufragio pasiborako inhabilitazio berezia izango du zigorrak iraun artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.