Epaiketa

Herri epaimahaiak erruduntzat jo du Infernuko sutearengatik auzipetutako gizona

Aho batez frogatutzat jo dute gizon horrek eman ziola su eraikinari iaz. Pertsona bat hil zen, eta beste bi larri zauritu ziren.

Sutea, Infernuko eraikinetako batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2020ko azaroaren 9a
21:32
Entzun

Iazko martxoaren 1ean gertatu zen, goizaldean. Auzipetuak, bost litro gasolinarekin, su eman zion Donostiako Zubiberri bideko pabiloi abandonatu bati, Infernuko eraikinetako bati. Hori ebatzi du herri epaimahaiak. Hiru lagun zeuden barruan. Horietako bat hilik aurkitu zuten, «kiskalita». Beste biak larri zauritu ziren.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian epaitu dute gertatutakoa. Akusazioen arabera, auzipetuak mendekuagatik erre zuen pabiloia, bere neska lagun ohiaren bikotekide berriari egin nahi baitzion eraso. Gau hartan, ordea, ez zegoen han.

Fiskaltzak 69 urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat, hainbat delitu egotzita: hilketa, beste saiakera, sutea eta mehatxuak, besteak beste. Akusazio partikularrak, neska lagun ohiak, 70 urte baino gehiagoko zigorra eskatu zuen.

Joan den ostiralean egin zuten epaiketaren azken saioa, eta defentsak onartu egin zituen egotzitako delituak. Gutxieneko zigorra eskatu zuen, ordea: 30 urte baino gutxiago.

Herri epaimahaiak erruduntzat jo du auzipetua aho batez. Horren ondoren, akusazioek zigor eskaerak jaitsi dituzte. Hala ere, 213.000 eurorainoko kalte-ordaina eskatu dute hildakoaren senideentzat, zaurituentzat eta eraikinaren jabearentzat.

Epaiketa amaitu ondoren, auzipetua Martuteneko espetxera eraman dute. Han dago iaz atxilotu zutenetik. Epaiaren zain daude orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.