Ostalaritza

Eusko Jaurlaritzak 4.000 eurorainoko laguntzak emango dizkie ostalariei

Baldintza gisa, jarduera gutxienez lau hilabetez mantendu beharko dute jabeek. Hurrengo astetik aurrera eskatu ahal izango dira, eta urtea amaitu baino lehen banatu nahi ditu

Ostalaritza sektoreko langileek larunbatean Donostian eginiko manifestazioko irudi bat. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 10a
13:41
Entzun

Tabernak eta jatetxeak ixteko erabakiak ostalaritzan eragin duen haserrea apaldu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Larunbateko manifestazioaren ondoren iragarri zituen laguntza berriak, eta atzo eman zituen xehetasunak. 30 milioi euroko aparteko laguntza programa berri bat onartu du, aurrekoarekin bateragarria dena. Negozioen jabeek 4.000 euro arte jaso ahalko dute, langile kopuruaren arabera. Konpromiso bat hartu behar dute: jarduerari gutxienez lau hilabetez eutsi beharko diote, COVID-19a dela-eta ezarritako murrizketak kentzen direnetik, eta berriz ireki dezaketenetik.

Horiek hala, hiru langile baino gutxiago dutenek  3.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute; gehienez hamar dituztenek, 3.500 euro; eta hortik gorakoek, 4.000 euro. Deialditik kanpo geratu dira 50 langile baino gehiago dituzten sektoreko enpresak eta pandemiaren aurretik etxez etxeko banaketa diru sarreren iturri nagusitzat zutenak. Guztira 12.219 establezimendu daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 8.297k hiru langile baino gutxiago dituzte; 3.224k, lau eta hamar langile artean; eta gainerako 698ek, hamar langile baino gehiago.

Prozedura arinagoa

Laguntza horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eskatu ahal izango dira —beranduenez, hurrengo astearen hasieran—, eta aurreko planean baino arinagoa izango da prozedura. Gutxienez 20 teknikariz osatutako talde batek kudeatuko ditu, eta gobernuaren asmoa da urtea amaitu baino lehen banatzea.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak azaldu duenez, laguntza berri horiek bateragarriak izango dira Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen laguntzekin. COVID-19aren lehen olatuan hamabost milioiko plan bat sortu zuen Jaurlaritzak —10.000 eskaera onartu ditu—, baina banatu gabe ditu oraindik. Plan berriarekin guztira 70 milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak diru laguntza zuzenetan merkataritzara, turismora eta ostalaritzara; horietatik, 45 milioi taberna eta jatetxeentzat.

Eskaeretatik «urrun»

Laguntzak oso urrun daude sektorearen eskaeretatik. Ostalariek kalkulatu dute diru galerak 187 milioi euro baino gehiagorenak izan daitezkeela eta 16.000 lanpostu daudela kolokan.  «Ikusten da ahalegina egiten ari direla, baina oraindik asko falta da eskatzen dugun kopurura iristeko», adierazi du Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaile Hector Sanchezek. Sailburuak, aldiz, gobernuak sektore eragileekin egindako «ahalegin handia» nabarmendu du, eta eskua luzatu die.

Laguntza zuzenez gain, Hurtadok gogoratu du maileguen funts bat sortu duela Jaurlaritzak. Kasu horretan ere hitz eman du Elkargi maileguak bermatzeko sozietateak eskaeren azterketa «azkarragoa» egingo duela. Azaldu du pandemiaren lehen olatuan jarritako funtsetik 250 milioi geratzen direla eman gabe, eta ostalariek «baldintza onuragarrietan» eska ditzaketetela: bost urteko itzultze epearekin eta %0ko interesarekin. Sailburuak zehaztu duenez, orain arte 1.104 ostalaritza negoziok jaso dituzte kreditu horiek, batez beste 50.900 euroko zenbatekoarekin.

Plan berriko 30 milioiei buruz, sailburuak esan du Ekonomia eta Ogasun Sailak bideratuko dituela 25 milioi, eta gainerako bostak, berriz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak. Sailburuak azaldu duenez, bost milioi horiek aurreko olatuko aparteko laguntzen soberakinetatik lortu dituzte, merkataritza sektoreko eskaera guztiak bete ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.