Myanmar

Aung San Suu Kyiren alderdiak gehiengo osoa lortu duela esan du

Igandean egin zituzten hauteskundeak, eta oraindik botoak zenbatzen ari dira. USDP oposizioko indar nagusiak iruzurra salatu du, eta hauteskundeak berriz egiteko eskatu du.

Demokraziarako Liga Nazionaleko kideak bozetako emaitzak ospatzen, atzo, Yangonen. LYNN BO BO / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 11
09:13
Entzun

Demokraziarako Liga Nazionalak sare sozialetan zabaldu duenez, Myanmarko Legebiltzarreko 476 aulkietatik gutxienez 353 lortu ditu. Aung San Suu Kyi bakearen Nobel sariduna da alderdiaren burua. Taldeak eman dituen emaitzak baieztatuz gero, bakarrik gobernatu ahalko dute herrialdea.

Edonola ere, hauteskunde batzordeak oraindik 100 eserleku eman ditu erabakitzat. Horrez gain, alderdiak gehiengo osoz gobernatzekotan, aintzat hartu beharko du Myanmarko armada. Izan ere, militarrek gobernatu zuten herrialdea ia mende erdiz, eta, gaur ere, legebiltzarreko eserlekuen %25 eurentzat gordetzen dituzte, 166 aulki.

Hain justu, militarren babesa duen USDP Batasunaren Elkartasuna eta Garapenaren Alderdia oposizioko indar nagusiak gaur adierazi du ez dituela bozen emaitzak onartuko, eta hauteskundeak errepikatzeko eskatu du. Bozketan irregulartasun ugari izan direla ziurtatu du, eta iruzurra salatu.

Hauteskundeak ez dituzte normal egin. Bertan behera geratu dira 51 barrutietan, gatazka armatuak daudelako Armadaren eta zenbait gutxiengo etnikoren artean. Arakan eskualdean, esaterako, Aung San Suu Kyiren alderdiak baino boto gehiago atera ditu hango alderdi abertzaleak.

Nobel sariduna nazioartean gaitzetsi dute azken urteotan Myanmar hego-mendebaldeko rohingya etniako herritarren kontrako jazarpenarengatik. Musulmanak dira rohingyak, eta gehiengo budistak baztertuta dauzka.

Abuztuan bete ziten hiru urte Armadak rohingyen aurkako sarraskia egin zuenetik. 2017an, ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak segurtasun indarren hainbat egoitzari eraso zien, eta hamabi militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre eta 400 rohingya hil zituen. MSF Mugarik Gabeko Medikuek etnia musulmanaren aurka egindako jazarpenari buruz zabaldutako datuen arabera, Myanmarko armadak gutxienez 6.700 rohingya hil zituen hilabetean —abuztuaren 25etik irailaren 24ra—; haietatik 730, haurrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.