Bizkaiko Sos Arrazakeriak salatu du Bilboko Udaltzaingoak senegaldar batzuk miatu dituela

«Arraza profilarengatik» egiten dituzten identifikazioak «legez kanpokoak eta bidegabeak» direla azpimarratu dute.

Udaltzaingoa eta hainbat gazte. BIZKAIKO SOS ARRAZAKERIA
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 11
14:19
Entzun

Bizkaiko Sos Arrazakeriak duela astebete Bilboko Marzana kaian gertatutakoa gaitzetsi du. Elkartearen hitzetan, gazte senegaldar batzuk elkartu ziren han, eta Bilboko Udaltzaingoak dokumentazioa eskatu zien, eta miatu egin zituen. Lekukoen testigantza jaso dute: «Lekukoek kontatzen dutenez, miatu zituztenek galdetutakoan Udaltzaingoak esan zien zenbait bizilagunek deitu zietela esanez legez kanpoko substantziak hartzen ari zirela». Taldeak erantsi du behin miaketak amaituta udaltzainek alde egin zutela horren zantzurik aurkitu gabe eta inor salatu gabe.

Nabarmendu dute ez dela ekintza bakana. Izan ere, Bizkaiko SOS Arrazakeriak nabarmendu du Marzana kaian duela hainbat urtetik egiten dituzten miaketak arraza profilagatik egiten dituztela: «Arrazializatutako pertsona talde bat dute jomugan, eta modu sistematikoan egiten dituzte». Ziurtatu dutenez, bi egun beranduago ere antzera aritu zen Udaltzaingoa.

Elkarteak zalantzan jarri du Udaltzaingoak bizilagunen deiarengatik aritu izana, baina hala izanez gero «arrazismo sozialaren» ondorioa litzatekeela ohartarazi dute. «Udaltzaingoak noiz arte emango dio sinesgarritasuna dei arrazista berari?».

Gainera, taldeak azpimarratu du «arraza profilarengatik» egiten dituzten identifikazioak «legez kanpokoak eta bidegabeak» direla, eta jasaten dituztenei kalte «larria» egiten dietela, itxura fisikoa delituekin lotu, «komunitateen kriminalizazioa indartu», eta pertsonak «umiliatuta eta desberdin tratatuta» sentitzen direlako. «Segurtasunak ez dauka zerikusirik sarekada arrazistekin eta miaketa masiboekin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.