Mendebaldeko Sahara

Marokoko armada Guergueraten sartu da, Fronte Polisarioaren blokeoa hausteko

Rabatek su-etena urratu duela ohartarazi dio Fronte Polisarioak NBEri. Mendebaldeko Saharako manifestariek Guerguerateko errepidea itxi dute hiru astez, autodeterminazio erreferendum bat exijitzeko

Manifestari sahararrak, Guergueraten, Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren arteko mugan, errepidea blokeatzen, joan den urriaren 21ean. LIAM BACHIR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 13a
11:03
Entzun

Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko tentsioak gora egin du Guergueraten, herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan. Rabatek armada bidali du eskualde desmilitarizatu horretara, dozenaka manifestari sahararrek urriaren 21ean ezarri zuten garraio blokeoa desegitera. Protestan, inguruko errepide bakarra moztu zuten, egunean ehun kamioi baino gehiagok zeharkatu ohi dutena.

Marokoko Atzerri Ministerioaren iritziz, estatuak «beharrezko denbora tartea» eman die NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari eta Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioari blokeoa desegiteko. Horien ahaleginak ezerezean gelditu direla adierazi du, eta, beraz, neurriak hartzea erabaki duela, «nazioarteko legediarekin bat».

Marokoko Gobernuaren esanetan, armadak ez du eraso egiteko asmorik. «Helburua da herritar zibilekiko kontaktu oro saihestea, eta armak ez erabiltzea defentsa zilegirako ez bada». Errepide mozketa Fronte Polisarioaren «probokazio larri eta onartezina» da, Rabaten ustez. Hori dela eta, Marokoko armadak korridore bat zabalduko duela iragarri du, kamioien eta gainerako garraioen joan-etorriari bide emateko.

Bere buruaren defentsan jarduteko eskubidea aldarrikatu du Fronte Polisarioak ere, eta «erasoari erantzuten hasi» dela jakinarazi du, ohar bidez. Brahim Ghali Polisarioko buruak eskutitz bat idatzi zion, bestalde, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiari. «Marokoko indarren operazio militarra su-etenaren kontrako erasoa eta urratze argia da. Nazio Batuek eta Segurtasun Kontseiluak irmoki gaitzetsi beharko lukete».

Fronte Polisarioak Marokoko armada Guergueraten sartu zela salatu zuen joan den astelehenean, eta Marokok eraso eginez gero su-etena arriskuan legokeela ohartarazi zuen. «Era baketsuan» protestan ari ziren manifestariei «eraso» eginda, Rabati egotzi zion horrek ekar ditzakeen «ondorio arriskutsuen ardura».

Manifestari sahararrek orain hiru aste hasi zuten blokeoa legez kanpokotzat jotzen duten Guerguerateko igarobidean, Minursori Mendebaldeko Sahararako autodeterminazio erreferendum bat antolatu dezala eskatzeko. NBEren misioa 1991an eratu zen helburu horrekin eta su-etena zaintzeko egitekoarekin.

Mendebaldeko Saharak eta Marokok urte berean sinatu zuten su-etenaren arabera, bi herrialdeek debekatua dute Guerguerateko eskualdean militarrak sartzea. Itun hori urratzea leporatu diote hainbatetan batak besteari.

Misioaren berritzea

NBEren Segurtasun Kontseiluak Mendebaldeko Sahararako misioa berritu baino egun batzuk lehenago hasi zuten blokeoa sahararrek. Urriaren 30ean onartu zuen kontseiluak misioaren luzapena, AEBek aurkeztu zuten proposamen batekin. Ebazpenak bi abstentzio jaso zituen: Errusiarena eta Hego Afrikarena. Errusiaren iritziz, ez dio nahikoa pisu aitortzen herrialde okupatuaren autodeterminazio eskubideari. Washingtonek eta Berlinek, berriz, Sahara Mendebalderako NBEren ordezkari bat izendatzeko beharra nabarmendu zuten, haren hutsuneak aurrerapauso politikoak zailtzen dituela iritzita.

Horst Koler NBEren Sahararako aurreko ordezkariak dimisioa aurkeztu zuen iazko maiatzean, osasun arrazoiengatik. 2017ko abuztuan hartu zuen kargua, eta bi elkarrizketa mahai antolatu zituen, 2018ko abenduan eta iazko martxoan, Fronte Polisarioko, Marokoko, Aljeriako eta Mauritaniako ordezkariekin. Hain justu, Minursoren luzatzeak Kolerren lanari jarraipena emateko helburua izan behar duela esan zuten Segurtasun Kontseiluko hainbat kidek.

Fronte Polisarioak bere egitekoa amaitzeko exijitzen dio Minursori: autodeterminazio erreferendum bat antolatu dezala. Marokok, berriz, eskualde autonomo bat eratzea proposatzen du, eta Etxe Zuriaren babesa izan du horretan. Segurtasun Kontseiluan, proposamen «serioa, sinesgarria eta errealista» zela adierazi zuen AEBen ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.