Finantzak

BBVA eta Sabadell bankuek bat egiteko negoziazioak hasi dituzte

BBVAk bere AEBetako adarra saldu du 9.700 milioi euroan, eta diru horrekin erosi nahi du Kataluniako bankua.

BBVAren iragarki bat, joan den astean, New Yorken. KENA BETANCUR / EFE
Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 16a
10:32
Entzun

Kutxa diru freskoarekin beteko du BBVAk. Bere AEBetako adarra PNC Pennsylvaniako bankuari saldu dio, 11.600 milioi dolarren truke —9.700 milioi euro, oraingo trukearekin—. Arautzaileen baimena jasoz gero, datorren urtearen erdialdera itxiko dute operazioa, eta orduan BBVAk nahiko diru izango du lehentasunezkotzat jotzen dituen herrialdeetan beste banku bat erosteko. Finantza merkatuek oso garbi izan dute diru hori nora joango den: Sabadell bankua erostera. Horregatik, BBVAren akzioa ez ezik (+%15,9), Kataluniako bankuarena ere asko igo da burtsan: +%24,6.

Merkatuen usteak baieztatu dituzte BBVAk eta Sabadellek, bien arteko batuketaren inguruko negoziazioak hasi zituztela iragarri baitute arratsaldean.

Goizean bertan, Carlos Torres BBVAko presidenteak berak onartu du diruaren parte bat erosketa bat egiteko erabil dezaketela. «Balioa sortzen den lekuetan hazi nahi dugu, eta errentagarritasuna handitu», azaldu du, AEBetako filialaren salmentaren aurkezpenean. Sabadelli buruz galdetuta, ordea, ez du erantzun argirik eman, horretarako eguna ez zela argudiatuta. Izan bazen, arratsaldean zehaztu du JP Morgan inbertsio bankua kontratatu duela Sabadellen erosketa aztertzeko.

Azken urteetan, Katalunian egoitza zuten bi banku erosi ditu BBVAk: Unnim, 2013an (Sabadelleko, Terrassako eta Manlleuko aurrezki kutxen bankua), eta Catalunya Caixa, berriz, 2016an (Caixa Catalunya, Caixa Tarragona eta Caixa Manresa). Sabadell bera ez da geldi egon, Banco Guipuzcoano, Banco Gallego eta CAM erosi baititu. Hala ere, azken krisiak kapital beharrean utzi du Sabadell, eta aurrera egiteko aukerak aztertzeko agindua eman zion udan Goldman Sachs inbertsio bankuari. Hainbat astez bakarrik jarraitzea hobesten dutela esan izan du Josep Oliu banku horretako buruak, baina beste beste irtenbiderik guztiz baztertu gabe.  

Dibidendua banatu nahi du

BBVAk jakinarazi du PNCk dirutan ordainduko duela erosketa,  eta ez akzioetan edo beste aktibo batzuetan. Horri esker, Bilbon sortutako bankuaren kapitala 8.500 milioi euro handituko da, eta, ehunekoetan, hiru puntu, %14,5eraino.

«Gehiegizko kapitala» izango du orduan, Torresen esanetan, eta aukera hori baliatu nahi du bere akzio batzuk berriro erosteko eta horri esker akziodunei dibidendua ordaindu ahal izateko. Gaur egun ezin du halakorik egin, EBZk debekatu egin dielako bankuei irabaziak akziodunen artean banatzea, koronabirusaren krisian babes handiagoa behar dutela iritzita. Debeku horren aurka mintzatu dira finantza erakunde guztiak, esaten baitute horren ondorioz inbertitzaile asko uxatu dituztela eta beren balioa jaitsi egin dela burtsan. Baliteke EBZk debekua aurki uztea bertan behera, agian bi aste barru egingo duen bileran.

Hamahiru urte iraun du BBVAren AEBetako abenturak. 2007an sartu zen BBVA AEBetan, Compass bankua erosita, 7.400 milioi euroren truke. Sun Belt edo Eguzkiaren Gerrikoa izeneko lurraldeetan hedatuta zegoen bankua zen, Texasen batez ere. Gaur egun, 637 bulego ditu, eta 100.000 milioi dolarren aktiboak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.