Sexu indarkeria

Ernesto Gasco: «Nik ere sexu abusuak jasan nituen nire eskola erlijiosoan»

PSE-EEko politikaria da Gasco, eta Haur Pobreziaren Kontrako Borrokarako goi mandataria da egun. Donostiako Mundaiz ikastetxean ikasi zuen Gascok, eta eskolak esan du gertatutakoa ikertzeko prest daudela.

Ernesto Gasco, EFEren galderei erantzuten. ANGEL DIAZ / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 16a
12:54
Entzun

Ernesto Gascok erabaki du orain arte isilik eduki duena kontatzea: «Nik ere sexu abusuak jasan nituen nire eskola erlijiosoan». 8 edo 9 urte zituenean izan zirela zehaztu du, eta Donostiako ikastetxe erlijioso bateko apaiz batek egin zizkiola. «Lehenengo aldiz erabaki dut kontatzea, orain arte ez dut kontatu. Oso txikia nintzen, 8 edo 9 urte izango nituen, eta adin horrekin oso zaila da ondo edo gaizki dagoen jakitea eta salatzea, nora jo jakitea». Salatzeko pausoa emateko eskatu die bere egoeran daudenei: «Adingabe denei esaten diet beldurrik ez edukitzeko, ez dagoela ondo: heldu batek haiekin jolastu nahi duenean, ezin da edozertan jolastu, eta salatu dezatela».

Donostiako Mundaiz ikastetxean ikasi zuen Gascok. Eskolako zuzendaritzako kide Javier Marquinezek ziurtatu du ez zutela gertatutakoaren berri, eta prest daudela ikertzeko: «Horrelako zerbait gertatzen den bakoitzean, derrigortuta gaude fiskaltzari eta Ertzaintzari jakinaraztera. Kasu honetan, ezer gutxi egin ahal izan dugu, ez genuelako horren berri».

PSE-EEko kide esanguratsua izan da urteetan Ernesto Gasco, eta, besteak beste, alkateorde izan zen aurreko udal agintaldian. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea ere izandakoa da. Egun, Haur Pobreziaren Kontrako Borrokarako goi mandataria da Espainiako Gobernuan. Ostiralean Haurren Nazioarteko Eguna izango dela eta, kargu horren harira Efe berri agentziak egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok.

Gascok badaki bere erasotzailea ez dutela zigortuko: «57 urte dauzkat, 50 urte pasatu dira. Jada ez da delitua, eta ez da izango lege berriarekin ere  —preskribatuta egongo litzateke—. Nire bizitzatik aparte utzi nuen, aurrera egin ahal izateko, gertatu izan ez balitz bezala». Halere, kontatzea erabaki du, bere egoeran egon daitezkeenei laguntzeko: «Kargu garrantzitsu bat daukat, eta, armairutik atera nintzenean bezala, uste dut jendaurrean adierazteak orain gaizki pasatzen ari direnei lagun diezaiekeela».

Uste du Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren legeak bide bat irekiko diela sexu abusuak jasan dituztenei: «Oso lege garrantzitsua da, indarkeria edo sexu abusuak jasan dituzten umeei salatzeko leku bat izatea ahalbidetuko dielako». Besteak beste, delituok preskribatzeko epea biktimak 30 urte betetzen dituenetik hasiko dira kontatzen, eta ez 18 dituenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.