Pentsioak

Pentsioen bidez konpentsatuko ditu Madrilek seme-alabak izan ondorengo kotizatu gabeko aldiak

Arau berri bat prestatzen ari da Espainiako Gobernua, eta datorren urte hasierarako indarrean egongo da. 

Ama bat haur txiki batekin, martxoko itxialdian. GORKA RUBIO/FOKU
aitor biain
2020ko azaroaren 16a
13:29
Entzun

Espainiako Gobernuak pentsioen bidez konpentsatuko ditu seme-alabak izan ondoren kotizatu gabe emandako hilabeteak. Modu horretan, erretiroa hartu eta pentsioak kalkulatzeko orduan, lan bizitza osoa hartuko da erreferentzia gisa, eta seme-alabak izan edo adoptatu dituztenei kotizatu gabeko aldi horien ordez osagarri bat ordainduko zaie. 

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak jakinarazi du aldaketa hori ahalbidetuko duen araua prestatzen ari direla gobernua, eta datorren urte hasieran egongo dela indarrean. Egungo pentsioen amatasun osagarria moldatzea ekarriko du horrek; izan ere, Europako Justizia Auzitegiak gizonak diskriminatzen zituela adierazi zuen iazko abenduan. 

«[Neurri berria] Ez da diskriminatzailea gizonen eta emakumeen artean, baina ziurtasun osoa dugu ehuneko handi batean emakumeei lagunduko dien eta pentsioetan dagoen genero arrakala murrizten lagunduko dien diru laguntza izango dela», azaldu du Escrivak.

Amatasunaren osteko lanaldi murrizketak edo kaleratzeak konpentsatu nahi ditu Madrilek horrela, emakumeak baitira kotizazioetan ondorioak jasaten dituzten gehienak. Zehazteke dago, halere, osagarria kalkulatzeko zein epe hartuko den kontuan. 

Amatasun osagarria 2016an onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina seme-alaba kopuruaren arabera kalkulatzen zuen ehuneko gehigarria: % 5 gehiago ordaintzen zitzaien bi seme-alabako, % 10 hiru seme-alabako eta % 15 lau seme-alaba edo gehiago izanez gero. Bada, seme-alaba bakarra duten milaka emakumek ezin zuten osagarririk jaso, bi edo bi baino gehiago zutenei bakarrik aplikatzen baitzitzaien. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.