Koronabirusaren heroiak, etxeko sofatik

Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 16a
19:32
Entzun

Adineko gizon bat, koronabirusaren aurkako borrokaren beterano bat, agertzen da kameraren aurrean, gaztaroko 2020. urte ikaragarri hura gogoratzen. «Uste dut 2020ko negua zela herrialde osoa guri so jarri zenean», esaten du, musika malenkoniatsuak ikuslea iragan hartara eraman nahi duen bitartean. Kontatzen du 22 urte zituela «bigarren olatua heldu zenean». Gazte guztiak bezala, dibertitzea zuen buruan, baina, bat-batean, heroi bihurtu behar izan zuen egoerak eskatuta. «Adorea bildu genuen, eta gugandik espero zena egin genuen. Egin behar zena egin genuen». Musika epikoa puztuz joaten den bitartean, ikusleak eskaturiko sakrifizio ikaragarriaren berri jasotzen du: etxean geratzea besterik ez zen, eta 2020ko heroiek asperrari baino ez zioten aurre egin behar izan.

Alemaniako Gobernuak iragarki sorta bat plazaratu du herritarrei eskatzeko etxean geratzeko, izurria zabal ez dadin. Mezua sinplea da: beste belaunaldi batzuetako pertsonek egin behar izan zituztenen aldean, oso erraza, sinplea eta erosoa da gaur herritarrei eskatzen dietena. Mezuaren amaieran, Alemaniako Gobernuaren logoa agertzen da: «Izan zaitez heroi zeu ere, eta geratu etxean».

Bigarren bideoan, orduko neska lagunarekin agertzen da adinekoa, eta biek pairaturikoa kontatzen dute. Hirugarrenean, beste gizon bat agertzen da, domina bat eskuetan. Bideo jokoetan jolasten pasatu zuen konfinamendua. Aurretik ere, ez zen etxetik ateratzen, «baina, bat-batean, ezer ez egitea zerbitzu publiko bihurtu zen: alferkeriak bizitzak salba zitzakeen, eta ni txapelduna nintzen horretan».

Bobo-bolo zabaldu dira bideoak sare sozialetan. Ikusleen etikari dei egin beharrean gaia umorez landu izana goraipatu dute askok. Beste batzuek, ordea, ez dute gustura hartu II. Mundu Gerraren inguruko dokumentalak parodiatu izana.

Urrian bazterrak aztoratu zituen Berlingo Turismo Bulegoaren beste iragarki batek. Horretan, adineko emakume batek kargu hartzen zien maskara eramaten ez dutenei, erdiko hatza erakutsiz. «Koronabirusaren inguruko arauak betetzen ditugu», adierazten zuen iragarkiko testuak.

Iragarkia zabaldu eta gutxira, kaleetatik kendu egin zuen turismo bulegoak. Hainbatek iraingarritzat jo zuten. Afixa «lotsagarria» zela esan zuen Berlingo alkate Michael Mueller SPD alderdi sozialistako kideak.

Herrialdean dagoeneko 12.500 pertsona baino gehiago hil ditu gaitzak, horietako 62 azken 24 orduotan, datu ofizialen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.