Zerga bilketa

Urrira arte 1.500 milioi gutxiago bildu dituzte diputazioek

Urteko lehen hamar hilabeteetan %12 jaitsi da bilketa. Urte osoan %13,3 jaitsiko dela kalkulatu dute.

Gasolindegi bateko langile bat. Hidrokarburoen bitartez bildutakoak behera egin du. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko azaroaren 17a
11:05
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 11.217 milioi euro bildu dituzte zergetan urtarrilaren 1etik urriaren 31 arte. Aurreko urtean baino 1.527 milioi gutxiago dira, %12 gutxiago hain zuzen ere.

Pandemia hasi zenean, amildu egin zen zerga jaitsiera, batez ere kontsumoaren beherakadaren ondorioz, errenta zergak askoz hobeto eutsi ziolako. Erorikoa %36koa ere izan zen maiatzean, baina, orduz gero, apaldu egin da jaitsiera. Abuztuan eta irailean, %16 txikiagoa izan zen, eta lau puntu txikiagoa da orain. Baliteke, ordea, beheranzko joera hori etetea urtea amaitzeko geratzen diren hilabeteetan, batez ere ostalaritzari jarritako mugengatik. Tabernak eta jatetxeak azaroaren 7an itxi zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Berez, urte osoan bilketa %13,3 gutxitzea aurreikusi zuen Finantzen Euskal Kontseiluak, joan den urrian egindako bileran.

Bizkaiko datuak

Lurraldeei erreparatuz gero, Gipuzkoak izan du orain arte bilakaerarik txukunena, %9,7 txikitu baita bilketa. Okerrena, berriz, Arabak, %14,8ko jaitsiera izan baitu.

Erdibidean geratu da Bizkaia. Gaur bertan eman ditu urrira arteko datuak. Horien arabera, Bizkaiko Aldundiak 6.213,5 milioi euro bildu ditu zergetan urrira arte. Iaz garai berean bildutakoa baino %12,4 gutxiago da, eta, era berean, 2020ko ekitaldirako kalkulatutako bilketa aurrekontuaren %76,3 eta Finantzen Euskal Kontseiluak urrian aurkeztutako 2020ko ekitaldirako bilketa aurreikuspenaren %90.

Koronabirusaren krisiak eragin zuzena izan du zerga bilketaren murrizketan. Urte batetik bestera diru bilketa murrizketarik handiena izan duena, berriz, zerga sozietateen gainekoa da. Zerga horren bitartez, 665 milioi bildu ditu, iaz baino %26 gutxiago. Dena den, zehaztu behar da aldundiak %60ra arteko kenkariak onartu zituela sozietate zergaren aurtengo ekitaldian. Aldaketa horren helburua enpresen galerak murriztea zen, baina irabaziak zituztenek ere balia zitzaketen baldintza jakin batzuk betez gero.

PFEZ bidez bildutakoak ere behera egin du, baino askoz gutxiago, %1,6 bakarrik, eta 2.494,3 milioi euroko ekarpena egin du urteko lehen hamar hilabeteetan. Zuzeneko zergapetzeko beste kontzeptu nagusiek, aldiz, gora egin dute; esaterako, laneko errenten gaineko atxikipenak %1,5 hazi dira, 2.484,5 milioiraino. Kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenek ere gora egin dute, %3,1; aldiz, kapital higiezinaren gaineko atxikipenek behera egin dute (-%10,8).

Zeharkako zergei dagokienez, guztiek iaz baino gutxiago bildu dute urrira arte. Kudeaketa propioko BEZak 2.088 milioi euroko ekarpena egin du, iaz urrira arte bildutakoaren %17,3 gutxiago. Kontsumoaren beherakadaren ondorio zuzena da. Beste zerga bereziei dagokienez, hidrokarburoen bitartez iaz baino %10,9 gutxiago bildu du, tabako laboreek %2,9, garagardoak %48,8 eta elektrizitateak %14,5.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.