Finantzen Euskal Kontseilua. Zerga bilketa

COVID-19aren krisiak 2.000 milioiko zuloa utzi du EAEko ogasunen kutxan

Zerga bilketa %13,3 amilduko da aurten, espero baino gutxiago. Datorren urtean %6,3 handitzea espero dute, 2020an galdutakoaren erdia baino gutxiago
Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, atzo, Gasteizen.
Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2020ko urriak 16

COVID-19ak kolpean eten zuen jarduera ekonomikoa martxoan, konfinamendua ezarri zenean, eta kolpean eten du orain foru ogasunen zerga bilketa ere. Azken hiru urteetan inoizko zerga bilketarik handienak egin ostean, espero baino diru gutxiago jasoko dute aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek: iaz baino 2.058 milioi euro gutxiago, zehatz esateko. Erorikoa handia da, eta arduradunek ez dute ezkutatu hori, baina nabarmendu dute krisiaren hasieran esperotakoa baino hobea dela datua, 3.000 milioi euro galduko zirela iragarri baitzuten orduan. Zuloa estaltzeko zorpetzera joko dutela iragarri dute, ez Europako Batasunak ez Madrilek ez baitute kontuak orekatzeko agindua betearaziko.

Finantzen Euskal Kontseiluak urrian egin ohi duen bileran, hiru foru aldundietako arduradunak eta Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkariak izan ziren atzo, Gasteizen. Urteko zerga bilketaren itxiera egiteaz gain, datorren urteko aurreikuspena ere egin ohi dute batzarrean, administrazio bakoitzak bere aurrekontu proiektua osatzeko ezinbestekoa baitu datu hori ezagutzea. Aurten gertatu moduan aurreikuspena bete ezean, kontuak orekatzea ariketa korapilatsua bihur liteke administrazioentzat. Baina defizit eta zor mugak lausotu izanak, batetik, eta batzar nagusietan nahiz legebiltzarrean dituzten gehiengo osoak, bestetik, arnasa emango die aurrekontuak nahi duten eran osatzeko eta onartzeko.

Inoizko bilketarik handienaren iragarpena handiegi utzi du koronabirusaren krisiak; izan ere, 2020an zergen bitartez biltzea espero dena urruti dago kalkulatutako 15.767 milioiko zifratik. Zehazki, iaz baino %13,3 gutxiago jasoko dute aurten foru ogasunek: 13.411 milioi euro denera. Krisiaren hasieran datua are okerragoa izango zela espero bazen ere, azken hilabeteetan hobera egin du bilketak, errenta kanpaina onari esker batez ere. Errenta zergaren bilketa izango da, hain zen ere, aurten gutxien jaitsiko dena: -%1,8, hain zuzen. Guztira, 5.610 milioi izango dira.

Kontsumoa nabarmen jaitsi da, ordea, eta, beraz, BEZak ere behera egin du: %17,9 gutxiago biltzea espero da urte amaieran, ia mila milioi gutxiago. Behera egin dute, halaber, zerga bereziek ere (-%20,8), hau da, alkoholari, tabakoari eta erregaiei ezartzen zaizkien zergek.

Erorikorik handiena, nolanahi ere, sozietate zergan gertatu da. Ez du lortu iragarpenak betetzea, eta aurreko urtean baino bilketa eskasagoa izan du enpresen irabaziei atxikitako zergak: 805 milioi euro ordainduko dituzte enpresek aurten denera; hau da, 2019an baino 519 milioi euro gutxiago (-%38,2). Bilketa osoaren %6 inguru baino ez da hori.

Herrialdeka aztertuz gero, bilketaren beherakada oso antzekoa izan da guztietan: %13,7 jaitsi da Araban, %13,6 Bizkaian, eta %12,5 Gipuzkoan.

Datorren urtera begira, datuak baikorragoak dira, eta aurten galdutakoaren zati bat berreskuratuko dutela aurreikusten dute foru ogasunek; ez dena, ordea. Haizea aldeko izatea espero dute Jaurlaritzak eta aldundiek, eta iragarritako BPG barne produktu gordinaren %8,9ko hazkundeari lotuta handituko dela zerga bilketa ere. Bada, egoera okertu ezean, %6,3 handituko litzateke bilketa 2021ean: kopuru osotan, 14.250 milioi euro jasoko lirateke, hau da, aurten baino 838 milioi gehiago. Aurten galdutakoaren erdia baino gutxiago da hori.

Bilketaren suspertzea kontsumoaren gaineko zergen bitartez izango da, hori bai; errenta eta sozietate zergak 2020ko irabazien gainekoak direnez ez baita igoera handirik espero haiengandik. Horiek hala, BEZaren bilketa %11,3 handitzea espero da (560 milioi gehiago) eta %9,8 zerga bereziena (130 milioi gehiago). Igoera apalagoak izango dituzte, ostera, sozietate zergak (%4,7) eta errenta zergak (%1,3).

Zuloa nola estali

Jaurlaritzaren esku geratuko dira bildutako hamar eurotik zazpi, baina, aurreikuspenak bete ez direnez, aurrekontuetan kalkulatutakoa baino gutxiago jasoko du azkenean. Eta, beraz, horrek esan nahi du kontu publikoetan zuloa geratu dela. Bada, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak ez zuen kezka hori ezkutatu, eta aitortu zuen datuak «txarrak» direla: «Jaitsiera garrantzitsua da, handia». Eta azaldu zuen zuloa estaltzeko zorpetzera jo beharko dutela.

Hain zuzen, Espainiako Gobernuarekin adostutako %2,6ko erreferentziazko defizitari esker, Jaurlaritza 1.600 milioi euroraino zorpetu ahalko da, eta, sailburuak aurreratu zuenez, horietatik 1.400 milioi inguru maileguen eta zor jaulkipenen bitartez estali nahi dute; gainerakoa, iazko soberakinekin egingo da. Aurten, nolanahi ere, finantzabide gehigarri bat izango du: Europako Batasunaren Next Generation berreraikuntza funtsa. Horri guztiari esker aurrekontu «ausartak» egiteko gai izango direla uste du sailburuak. Hasiak dira prestatzen dagoeneko, eta, hain zuzen ere, iragan astean hitzeman zuen ez zela murrizketarik egongo.

Aurrekontuak direnak direla ere, aldundiek proiektu estrategikoei eusteko konpromisoa agertu zuten, eta horretarako eskura dituzten baliabideak erabiliko dituztela adierazi zuten. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gogorarazi zuen, halere, pandemiak okerrera egin dezakeela, eta «zuhurtzia» eskatu zuen. Horregatik, haren hitzetan defizita unean uneko egoerari erantzuteko «tresna egokia» bada ere, «adabaki bat» da, eta ezin da betikotu. «Ezin gara zorpetzean oinarritu. Ez da behin betiko soluzioa».

Nola Jaurlaritzak hala aldundiek erabat baztertu zuten zergak igotzea, uste dutelako jarduera ekonomikoari kalte egingo liokeela. Izan ere, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu zuen ekonomia errekuperatzen ari bada ere galdutakoa ez dela «berehalakoan berreskuratuko». Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bestalde, jakinarazi zuen defizita udalekin banatuko dutela, eta datorren astean bilduko direla xehetasunak adosteko. Hain zuzen ere, Gorka Urtaranek, Gasteizko alkate eta Eudeleko presidente denak, udalen «batasuna» eskatu zuen: «Iritzi bakarra izan behar dugu».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bilboko portuko bi zamaketari Txinatik iritsitako errota eoliko kargamentu bat deskargatzeko lanetan. ©Iberdrola

Bilboko portuak jardunaren erdia galdu du zamaketarien grebaren eraginez

Imanol Magro Eizmendi

Bilbo Estibak emaniko datuen arabera, industriarako hornikuntza lanen %90 ez dira egin, piketeen ondorioz. Zamaketariek ezin izan dute greba egin gaur.

Getxoko (Bizkaia) apaindegi bat, maiatzeko irudi batean ©Luis Jauregialtzo (Foku)

BEZa jaisteko eskatu dute ile apaindegiek

Jokin Sagarzazu

«Ezinbestekoa zerbitzu» bat direla argudiatu dute. Ohartarazi dute hamar establezimendutik sei ixteko arriskuan daudela, eta 25.000 lanpostu kolokan.

 ©BERRIA

Bezeroa: enperadore berria

Imanol Magro Eizmendi

Bezeroek langileen jarduna ebaluatzeko sistemak hedatzen ari dira. Telefono bidezko zerbitzuetan jaio ziren, eta dagoeneko denda fisiko askotan daude. Haien menpe daudenei presio handia eragiten die; adituek diotenez, zerbitzua hobetzeko baino gehiago kontrol erremintak direlako.

Trenasako langileen protesta Beasainen, asteon. ©GORKA RUBIO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna