Musika

Hamazazpi musikari eta sei talde arituko dira 24. Hatortxu Rocken

Internet bidez egingo dute Hatortxu Rock elkartasun jaialdia, abenduaren 26an. Lide Hernandok, Xabi Solanok, Alex Sarduik, Zetak-ek, Anestesiak eta Kobanek parte hartuko dute, besteak beste.

2018ko Hatortxu Rockeko kontzertu bat, Lakuntzan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ane Eslava.
2020ko azaroaren 17a
17:00
Entzun

Abendu oro, 21 urtez, Hatortxu Rock jaialdiak milaka pertsona bildu ditu euskal presoei babesa emateko eta sakabanaketaren ondorioak samurtzeko helburuz. Aurten, jaialdia ohiko formatuan egitea ezinezkoa izango da, baina, antolatzaileen esanetan, aurten elkartasuna «inoiz baino beharrezkoagoa» da: «Dispertsioaren gastuei aurre egiteko diru sarrera nagusiak herri egitasmoetatik datoz, baina herri egitasmo gehienak bertan behera utzi ditu pandemiak. Beraz, dispertsioa martxan dago oraindik baina diru sarrerak eten egin dira. Oso ekuazio negatiboa». Hori «iraultzeko» ekinbidea izan nahi du jaialdiak, haren 24. aldian.

Egoerara egokituta, jaialdiari eutsiko diote, baina ikuskizun formatuarekin, eta gaur aurkeztu dute egitarau osoa. Maria Antunez, Josu Erbiti, Joseba San Sebastian eta Gorka Pastor musikariek «zenbait euskal talde ezagunen abestiak» eguneratuko dituzte, eta Xabi Solano, Zaloa Urain, Tomas Lizarazu, Nerea Urbizu, Claudia Rodriguez, Lorena Aisa, Alberto Sanzol, Ivan Carmona, Francis Diez, Idoia Tapia, Sara Zozaia, Lide Hernando eta Alex Sardui musikarien eta Hutsun taldearen laguntzarekin taularatuko dituzte.

Bestetik, Zetak, Anestesia, Herdoil, Koban, eta Little Martin Selektah & Juantxo Arakama & Nikotina taldeek beren lan berriak aurkeztuko dituzte. Horrez gain, Erika Olaizola aktoreak eta Lander Garro zinemagileak ere ekarpena egingo diote ikuskizunari.

Auzolana eta konpromisoa

Jaialdiak bi helburu izango ditu: «Batetik, ikuskizun erakargarri eta berezi baten bitartez errepresaliatu politikoen egoeraren bozgorailu izatea, eta, bestetik, sakabanaketa politikak 221 euskal presoen senideengan sortzen dituen gastu ekonomikoak arintzea».

Ohiko formatuan ez bada ere, Hatortxu Rock ezaugarritzen duten «auzolanak eta konpromisoak» aurten are garrantzi handiagoa izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, gogoratu dutenez, osasun krisiak «gogor jo ditu» espetxeetan daudenak eta haien gertukoak, eta baita haien eskubideak ere: «Bisitak murriztu egin dira, eta ez dira gutxi izan 1.000 kilometro egin ostean senidea edo laguna ikusi gabe etxera itzuli behar izan dutenak. Orain, mugikortasun murrizketen ondorioz ere, dispertsio politikak traba gehiago ezartzen dizkie».

Hori dela eta, «egitasmoa zabaltzeko eta errepresaliatuei eta haien senideei bultzada emateko» deia egin diote euskal gizarteari. Jaialdiko sarrerek 12 euroko prezioa dute, eta Hatortxu Rocken webgunean daude eskuragai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.