Migratzaileak

BERRIAk eta Zaporeak-ek 6.960 euro bildu dituzte 'Moriako erretratuak' ikus-entzunezkoarekin

Azaroaren 10ean estreinatu zuten Moriako erretratuak dokumentala, eta jarraian jarri zuten abian diru bilketa bat. Astebete iraun du, eta 108 lagunek egin dute diru ekarpena.

mikel p ansa
2020ko azaroaren 18a
12:23
Entzun

BERRIAk eta Zaporeak-ek elkarrekin antolatutako kanpainak 6.960 euro bildu ditu, 108 lagunen ekarpenari esker. Azaroaren 10ean, Moriako erretratuak dokumentala estreinatu zuten, eta, horrekin batera, astebete iraun duen diru bilketa bat egin dute, azaroaren 17an bukatu dena. Irati Azkue Zaporeak elkarteko kideak adierazi du ekinbide oso interesgarria izan dela, pertsona errefuxiatuei ikusgarritasuna eman dielako. «Ahotsik ematen ez bazaie, pertsona hauek ez badute aukerarik kontatzeko bizitzen ari direna, ez dira ikusten, eta ikusten ez dena ez da existitzen, eta lurperatuta gelditzen da errealitate hau». Moriako erretratuek, haren esanetan, balio izan dute migratzaileen egoera gordina eta haien bizitza historiak azalera ekartzeko.

Moriako kanpalekuak sua hartu zuen irailaren hasieran, eta bertan bizi ziren 13.000 iheslariak bizilekurik gabe eta ezer gabe gelditu ziren. Iñaki Agirre kazetaria han zen garai hartan, eta bideoan jasotzen hasi zen gertatzen ari zena. BERRIAk proposatuta, bertan bizi ziren zenbait iheslariren testigantzak bildu zituen, eta horiek izan dira Moriako erretratuak dokumentalaren oinarria. «Irudiak iristen zaizkigu, baina irudiak iristen ez direnean, edo gure bihotzak irudi horiek ikustera ohitzen direnean, bilakatzen gara gizarte ez-enpatiko eta gris hori», adierazi du Azkuek: «Gure erronka da gogoratzea pertsona errefuxiatuak hemen daudela, hau gertatzen ari dela, eta presioa egitea». Dokumentua sarean ikus liteke, Berria Telebistan.

Moriako kanpalekuak su hartu ondoren, behin-behineko beste kanpaleku bat eraiki zuen Greziako Gobernuak, itsaso bazterrean. Moriakoan zeuden 13.000 haietatik 7.000 inguru joan dira kanpaleku berrira. Baldintza oso kaskarrak dituzte: 60 komun besterik ez dituzte guztientzat, itsasoko uretan garbitu behar dute, janari berorik lortzeko aukerarik apenas duten, bi elektrizitate poste besterik ez dituzte kanpaleku guztian, hotz handia egiten du ipar haizeak bete-betean jotzen duelako, orain aste batzuk uholdeak izan zituzten... Oso prekarioa da egoera. Greziako Gobernuak adierazi du Morian bertan eraiki nahi duela beste kanpaleku bat, zortzi hilabeteko epean, iraunkorragoa. Baina luzatu egin liteke egoera hori.

Errefuxiatuen egoerak okerrera egin du, eta Zaporeak elkartearen lana ere baldintzatu du. Lesbosko uhartean bost bat urte daramatza elkarteak lanean; egunean 2.000 otordu bero inguru prestatzen ari zen sutea gertatu zen arte, eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuen bidez banatzen die janaria errefuxiatuei, Zaporeak-ek berak ez duelako eskubiderik kanpalekura sartzeko. Baina suteaz geroztik zailtasunak ditu jardun berarekin jarraitzeko. Bide berriak pentsatzen ari dira.

Berriki egin dute janari bilketa kanpaina handi bat, eta «janari lehorrarekin» bete dute haien biltegia, Donostian. Dilistak, arroza, atuna... Halakoak bildu dituzte. Bihar bertan 23.000 kilo janariz betetako kamioi bat igorriko dute Moriara. Asmoa da janari hori guztia paketetan antolatzea, eta kanpalekuan bizi direnei banatzea. Orain arte, eurek kozinatuta banatu izan dizkiete errazioak errefuxiatuei.

Orain, gainera, koronabirusaren ondorioz, hiru asteko berrogeialdia ezarri diete errefuxiatuei, eta horrek egoera zailtzen du. «Lehen mugatuta bazeuden, orain atera ezinik daude, eta GKEok ezin dugu sartu. Ari gara kozinatzen, eta elkarlanean ari garen beste GKEen bidez iristen gara. Baina kopuru mugatuagoan», azaldu du Azkuek.

Kanpalekuan bizi direnek ez dute sukalderik berez, baina sua egiten dute, eta ahal duten moduan antolatzen dira, eta elkarri lagunduz moldatzen dira. Janari lehor edo iraunkorrago horrekin errazioak egingo dituzte, beraz, eta zuzenean emango dizkiete, haiek presta dezaten. Eta BERRIArekin antolatutako kanpainan bildutako dirua horretarako erabiltzeko asmoa dute: errazio horietan janari freskoa (fruta, esnea...) gehitzeko baliatuko dute. Sutearen ostean, egoera berrira egokitzen ari dira, beraz, Zaporeak-eko kideak. «Guretzat ez da hutsetik abiatzea izan, baina gure egiteko moduak berrabiatu behar izan ditugu».

Errefuxiatuak Greziako irletara iristen hasi zirenetik, egoera okerretik okerrera joan da. Eta azkeneko asteetan albiste larriak ari dira iristen, ez soilik Greziatik: Kanarietara (Espainia) 4.000 iheslari iritsi dira astebete eskasean, Mediterraneoan itotakoen irudiak zabaldu dira, Samosen (Grezia) ere suteak izan dira kanpalekuetan... «Soluziorik ez da planteatu, eta egin diren aldaketa guztiak okerrera izan dira».

Horrelako albisteak zabaltzen direnean, oihartzun gehiago izaten du errefuxiatuei laguntzen ari direnen lanak. Moriako kanpalekuak su hartu zuenean ere hala gertatu zitzaion Zaporeak-i. Baina gero erraz ahazten dira berriz, eta zaila da hainbeste urte konponbiderik gabe irauten ari den arazo baten inguruan tentsioa eta arreta mantentzeak. Zaporeak elkarteak, hala ere, harrera eta babes zabala du: boluntarioak, eragileak, ostatuak... oso oinarrizko babesa, alde batetik, baina baita instituzioena ere, bestetik. Boluntarioek egiten duten lana nabarmendu du Azkuek: Morian lanean aritzen direnek, hona itzulitakoan, «txinparta» gisa pizten dira eta babes taldeak sortzen dituzte inguruan; Donostian sortu zen ekinbidea Euskal Herri osora zabaldu da horrela.

Siriako gerrako iheslariei laguntzeko asmoz sortu zen proiektua, pentsatuz gerrak sei-bederatzi hilabete iraun zezakeela. Luzatu eta okertu egin da egoera, ordea; eta Zaporeak-ek temati jarraitu du, eta jarraitzeko asmoa du. «Pertsona errefuxiatuek jarraitzen dutelako hiltzen, jarraitzen dutelako arazo pila batekin, eta jarraitzen dutelako, iritsi ondoren ere, behar pila batekin. Eta herritarrek eta instituzioek ikusten dute egoskor jarraitzen dugula, eta jarraituko dugula asistentzia egiten, modu gardenean; hemen biltzen den guztia hara doalako». Zuzenean egoera batean eragiteko gaitasuna du proiektuak, eta horretan jarraituko dute, baldintzak aldatu arren, baldintzek okerrera egin arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.