Mendebaldeko Sahara

Sindikatuek salatu dute Marokok gerra inposatu diola Saharako herriari

Larunbatean mobilizazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Sindikatuetako eta Fronte Polisarioko ordezkariak, Bilbon,. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko azaroaren 18a
12:45
Entzun

Sindikatuek elkartasuna adierazi diote Saharako herriari «Marokoko indar armatuek bi aldeek adostutako su-eten akordioa urratu» ostean, eta Marokori egotzi diote Saharari «gerra berri bat» inposatzea. Halaber, iragarri dute bat egingo dutela datorren larunbatean, azaroaren 21ean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren mobilizazioekin.

Adierazpena ELA, LAB, Steilas, ESK, CCOO, UGT, CNT eta EHNE-Bizkaia sindikatuek izenpetu dute, eta horien izenean LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Loli Garcia CCOOkoak irakurri dute agiria. Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkari Liman Mohamedek ere parte hartu du agerraldian.

Adierazpen horretan, sindikatuek salatu dute Marokok su-eten akordioa urratu zuela militarrak bidali zituenean protestan ari ziren sahararren kontra eta, hori ikusirik, Fronte Polisarioa «bidezko defentsan» aritu zela herritar zibilen bizitzak babesteko. Sahararrek lau aste zeramatzaten protestan, Marokok Guergueraten irekitako pasabidearen kontra. Sindikatuek gogorarazi dutenez, bi aldeek izenpetutako akordioetan agertzen da galarazita dagoela harresi militarrean pasabiderik egitea, eta, hortaz, Marokoren jokabidea «legez kanpokoa» dela. 29 urteren ostean «gerra berpiztea» leporatu diote.

Saharako herriari eta Fronte Polisarioari elkartasuna adierazteaz gain, sindikatuek Marokori egotzi diote «Magreb osora heda daitekeen ezegonkortasunaren erantzukizun osoa», eta nazioarteko komunitatea eta, bereziki, Espainia ere ahotan hartu dituzte. Esan dutenez, Nazio Batuen Erakundea ez da gauza izan «modu baketsuan manifestatzen ari ziren sahararrak babesteko», eta azken 45 urtean ez dute «ezer» egin gatazka konpontzeko. «Gertatutakoa nazioarteko komunitateak duen axolagabekeriaren erakusgarri baino ez da», esan dute.

Espainiari ere, «deskolonizatzeke gelditzen den Afrikako azken lurraldeaz» daukan ardura bere gain hartzeko eskatu diote,  eta «saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzen duen erreferenduma berehala egiteko» indar egin dezala.

«Herri sahararra bere kausa legitimoari irtenbidea bilatzeko bakea eta elkarrizketa nahi dituen herria da», esan dute sindikatuek, «herri nekatu, zapuztu eta gogaitua, 45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena».

Sindikatuek ziurtatu dute ez dutela Saharako herria «bakarrik» utziko.«Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin, eta sindikatuak hala adierazi dugu era askotan», esan dute. Horregatik, herritarrei dei egin diete larunbatean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan eta beste zenbait herritan egingo diren mobilizazioetan parte har dezaten. Mobilizazioak 12:00etan hasiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.