Azaroak 25

Zerbitzu publikoak aldarrikatu ditu Bilbo Feminista Saretzen plataformak

Pandemiaren ondorioz hartutako neurriek emakumeen aurkako indarkeria areagotu dutela salatu dute, eta azaroaren 25erako mobilizazioak iragarri dituzte Bilborako.

Bilboko Feministak Saretzenek gaur goizean egin duen agerraldia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/FOKU
jone arruabarrena
2020ko azaroaren 18a
13:30
Entzun

Datorren asteazkenean izango da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta horri begira jarri da mugimendu feminista. Bilbon, agerraldia egin du gaur Bilbo Feminista Saretzen plataformak, eta azaroaren 25eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Indarkeria matxistaren aurrean, zerbitzu publikoak defendatu lelopean egingo dute protesta hiriburuan: giza kateak egingo dituzte Bilboko itsasadarraren bi aldeetan.

Konfinamenduarekin, indarkeria matxistak ugaritu egin direla salatu, eta adierazi dute erakundeek hartu dituzten neurriek azkartu eta sakondu dituztela emakumeen aurkako indarkeria mota asko sortzen dituzten prozesuak, neurri horiek emakumeak «are ahulago, pobreago eta prekarioago» egin baitituzte, Bilbo Feminista Saretzen plataformaren arabera. Hala ere, horri ekinez ekingo diotela ohartarazi dute : «Ez dugu onartuko COVID-19ak aspaldiko pandemia zaharrak ezkutatzea».

Zerbitzu publikoak «guztion bizitza duin eta askea bermatzeko giltza» direla aldarrikatzeaz batera, azaroak 25eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Bilboko itsasadarraren bi aldeak «okupatzeko» deia egin dute egun horretarako, segurtasun distantziak mantenduz, 19:30erako. Auzoetatik hainbat zutabe antolatuko dituzte, itsasadarraren alde bietan bat egingo dutenak, eta, ondoren, 20:00etan, ekitaldi bat izango da. Egun horretan, leihoetan zein balkoietan kolore moredun objektuak eskegitzeko deia ere egin dute, indarkeria matxistaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.