Gizartea

Guraso bakarreko familiei 24 asteko baimena aitortu die EAEko Auzitegi Nagusiak

Iaz alaba bat izan zuen emakume bati zortzi asteko sari gehigarria jasotzeko eskubidea aitortu dio epaitegiak.

ELAko kideek, Zuriñe Kintana tartean, gaur eskaini duten agerraldia. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 18a
13:45
Entzun

Guraso bakarreko familiei eragiten dien epai aitzindaria eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak: alaba jaioberria zaintzeko, emakume bati aitortu egin dio bikoteek duten denbora baimen berbera jasotzeko eskubidea. Auzitegiak esan du eskubidea duela zortzi asteko sari gehigarria jasotzeko. Hala, Espainiako Gizarte Segurantzako Institutua eta Gizarte Segurtasuntzako Diruzaintza zigortu egin ditu, eta saria ordaintzera behartu. Ez da irmoa oraindik ebazpena, Fiskaltzak helegitea aurkeztu baitu Auzitegi Gorenean.

Gaur eman du sententziaren berri ELAk, agerraldi batean. Zuriñe Kintana 2019ko ekainean ama izan zen, eta, alaba zaintzeko hamasei asteko amatasun baimena amaituta, bigarren gurasoari dagokion zortzi astekoa eskatu zuen, baina Gizarte Segurantzak ukatu egin zion. Auzitara jo zuen, eta, orain, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio, adingabearen babesean oinarrituta. Epaiak dio bi gurasoko familiek adingabeen zaintzaz 24 astez gozatzeko eskubidea dutela, eta «diskriminatzailea» dela eskubide hori hamasei astera mugatzea guraso bakarreko familien kasuan.

Gaurko agerraldian, Kintana pozik agertu da erabakiarekin, guraso bakarreko familien seme-alaben diskriminazioa amaitzen delako, baina «harrituta» agertu da Fiskaltzaren helegitearekin. Uste du Fiskaltzaren errekurtsoak guraso bakarreko familietako haurren diskriminazioa babesten duela. ELAren ustez, epaia aitzindaria da, eta emakumeen kontziliazioan lagunduko du, guraso bakarreko familiarik gehienak emakumezkoek osatzen baitituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.