Jokoa arautzeko lege proposamenari aldaketak egin dizkio Elkarrekin Podemosek

Apustu etxeen publizitatea mugatzeko Espainiako Gobernuak berriki onartutako dekretua indarrean sartu ondoren, EAEko legeari «segurtasun juridikoa» eman nahi diote

Gorrotxategi eta Martinez EPkoak, gaur. BERRIA
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 18a
13:57
Entzun

Apustu etxeen kopurua mugatzea, horietara sartzeko kontrol sistemak ezartzea, eta, besteak beste, leku publikoetan jokoari buruzko publizitatea debekatzea planteatzen du EP Elkarrekin Podemos-IUk jokoa arautzeko Eusko Legebiltzarrean gaur erregistratu duen lege proposamenak. Finean, joan den urtarrilean aurkeztu eta egun batzuk geroago legebiltzarrek tramiterako onartutako lege proposamena du oinarrian, baina koalizioak aldaketa batzuk egin dizkio planteamenduari, eta «zabaldu» egin du. Apustu etxeen publizitatea mugatzeko Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretua duela bi aste indarrean sartu zela baliatuz, EAEko legeari «segurtasun juridikoa» eman nahi diote, Miren Gorrotxategi bozeramaileak eta Iñigo Martinez parlamentariak prentsaren aurrean azaldu dutenez.

EPk urtearen hasieran aurkeztutako proposamena tramiterako onartu zuten, EH Bilduren, EPren beraren eta PPren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin. Baina COVID-19ak jarduera parlamentarioa eten zuen, eta, gainera, legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituzten, legealdi berri bat hasiz irailean. Horrenbestez, berriro bozkatu beharko dute ganberan ea tramiterako onartzen duten. EAEn orain indarrean dagoen jokoaren legea 1991koa da.

Lege proposamenean jasotako neurrien artean dago, esaterako, EAEko probintzia bakoitzean, hau da, Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan, kasino bakarra egotea; joko aretoak, gehienez, 100 izatea; eta apustu etxeak, 50. EP-IUk proposatzen du, bide batez, lokal horien guztien artean gutxienez 500 metro egotea, eta gutxieneko distantzia hori bera egotea establezimenduen eta ikastetxeen artean.

Publizitatea

Jokoaren publizitateari dagokionez, erregistratutako lege proposamenak planteatzen du halakorik ez egotea ez osasun eta gizarte zentroetan, ez zinema aretoetan, ezta, besteak beste, administrazio publikoetan ere. Mugak jartzen dizkio, gainera, komunikabideetan apustu etxeek jar dezaketen publizitateari, eta publizitate hori hedabide publikoetan jartzea debekatzen du.

Lokal horiek ezingo dituzte 12:00ak baino lehen ireki, eta ezingo dituzte ateak 01:00ak baino beranduago itxi. 18 urtetik beherakoak ezingo dira sartu, eta lege proposamenak hori bermatu ahal izateko kontrol sistemak eskatzen ditu.

EP-IUko parlamentariek agerraldian nabarmendu dutenez, Jokoaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %63k 34 urte bete baino lehen izan zuten lehen kontaktua jokoarekin.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.