Azaroak 25

Aurtengo «parte hartze handia» nabarmendu du Beldur Barik programak

12 eta 16 urte bitarteko gazteek 200 lanetik gora aurkeztu dituzte aurten. Donostian egingo da sari banaketa, eta streaming bidez ikusi ahal izango da.

Beldur Barik programaren aurtengo edizioaren aurkezpena, gaur. EMAKUNDE
jone arruabarrena
2020ko azaroaren 18a
15:04
Entzun

Beldur Barik programa «erreferente finkatua» dela ondorioztatu du Emakundek. Izan ere, 200 lan baino gehiago aurkeztu dituzte 12 eta 16 urte bitarteko gazteek, eta, ezohiko baldintzak kontuan hartuta, parte hartze handia izan dela adierazi du Izaskun Landaida emakundeko zuzendariak, hiru aldundietako eta Eudeleko ordezkariekin batera egin duen agerraldian.

Bizkaitarrek aurkeztu dituzte lan gehien: 120, hain zuzen. Gipuzkoan, 69 ikus-entzunezkok hartu dute parte lehiaketan, eta Araban, 15ek. Gehienek taldean parte hartu dute, Emakundek azpimarratu duenez. Askotariko gaiak jorratu dituzte lehiaketara aurkeztutako pieza horietan: nesken ahalduntzea, generoak markatutako rolak eta estereotipoak, erantzun kolektiboa emakumeen aurkako indarkeriari...

Lan horien garrantziaz ere ohartarazi du Landaidak: «Lanetan antzeman daiteke gazteriak gero eta era argiagoan identifikatzen duela indarkeria sexista sortzen duten desberdintasun faktoreak». Horrez gain, adierazi du horrelako proiektuek hainbat ekarpen egiten dizkietela neskei eta mutilei. Neska gazteen kasuan, «ahalduntzea» eta «indarkeria egoerei erantzuteko gaitasuna» sustatzea errazten dutela azpimarratu dute. Mutilen kasuan, berriz, hausnarketa prozesuak bultzatzen dituzte, Emakunderen arabera: «Indarkeria erabiltzen duenari interpelazioa egiteko beharra identifikatzen dute, eta ez diete konplizitaterik erakusten». Mutil gisa dauzkaten «pribilegioen birplanteamendua» ere egiten dutela adierazi dute, eta neskekin «aliantzak» sortzen dituztela.

Sari banaketa Donostian izango da azaroaren 20an, arratsaldeko bostetan. Streaming bidez soilik ikusi ahal izango da, eta Nerea Arriolak aurkeztuko du ekitaldia. Nogen musika taldea eta Beatriz Gonzalez Rojo ere bertan izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.